Arnaldo Otegik Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara EH Bilduko lehendakarigai gisa aurkezteko aukera izan dezan, manifestu bat izenpetu dute sektore ugaritako eragileek. Guztira 126 lagun dira: tartean, Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohia, Gemma Zabaleta PSE-EErekin Jaurlaritzako sailburu izandakoa, Tariq Ali idazle eta zinemagilea eta Pedro Ibarra Euskal Herriko Unibertsitateko Politika Zientzietako katedraduna.
Basquecivilrights.euswebgunean bat egin daiteke manifestuarekin, eta edozein herritarrek du horretarako aukera. Otegiren inhabilitazioa "hemen eta orain demokraziaren kalitateari eragiten dion arazo larritzat" jo dute, eta Otegik konponbide prozesuan eginiko lana goraipatu dute: "Herri honetan agertoki berriak irekitzearren —beste askoren artean— ekarpen funtsezkoa egin duen Arnaldo Otegik hautetsontzien bidez etorkizuneko kargu bat har dezan ekiditeko saioa, beste behin ere, demokraziaren oinarrizko baloreei eginiko erasoa da".
Horregatik, "aukera duten guztiei" gonbidapena egin diete "hautagaitza honen zilegitasuna adieraz diezaietela herri honetako erakunde gorenei".
Agerraldi bat egin dute manifestua aurkezteko, eta Zabaletak hartu du hitza: "Kontu honek [Otegiren auziak] iraganera garamatza".