Ser irrati kateak 20:00etako albistegian Espainiako Auzitegi Nazionaleko iturriak aipatuz zabaldu duenez, bihar auzitegiak kartzela zigorra jarriko die Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacinto ezker abertzaleko kideei, Vicente Gonzalez Mota fiskalaren eskaera aintzat hartuta. Bihar 10:30ean emango du epaia Angela Murillo, Teresa Palacios eta Juan Francisco Martellek osatutako epaimahaiburuak.
ETAren esanetara aritzea eta Batasunaren Mahai Nazional berria osatzea egotzita, fiskalak Otegi eta Diez Usabiagarentzat hamarna urteko espetxe zigorra eskatzen du, bederatzikoa Zabaletarentzat, eta zortzikoa Rodriguez eta Jacintorentzat.
Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta, Espainiako Poliziak Otegi, Diez, Zabaleta, Rodriguez, Jacinto, Rufi Etxeberria, Ainara Oiz, Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serra atxilotu zituen 2009ko urriaren 13an hainbat tokitan. Bateragune izena jarri zioten operazioari. Ezker abertzalea estrategiari buruzko gogoeta haster zen, Otegik-eta sustatuta.
Aurtengo ekainaren 27an hasi zen epaiketa, eta Etxeberria eta Oiz ez beste denak izan ziren auzipetuta. Amaieran, Moreno, Esnal eta Serrarentzat ez zuen zigorrik eskatu fiskalak.
Otegi, Rodriguez, Zabaleta eta Jacinto behin-behinean espetxean dauzkate. Gaur Madrilgo kartzela batera eramango dituzte, eta astelehenean auzitegira.
Rafaela Romerok epaileei eskatu die "errealitate soziala" aintzat hartzeko
Espainiako Auzitegi Nazionalak bihar emango du 'Bateragune auziko' epaia, eta Rafaela Romero PSE-EEko Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak gaur epaileei eskatu die "errealitate soziala" aintzat hartzeko, "atxilotu zituztenetik aldatu baita". "Irizpide hori guztiok banatzen dugu, baita Basagoitik jaunak ere".
Rafaela Romerok Justizia legea ezartzea dela esan arren, ondoren esan du demokraziak dena onartzen duela. Gainera aitortu du egoera orain dela urtebete eta orain desberdina dela "ETAk lehenago eman ez zituen pausoak eman dituelako".
Romerok espero du "batzuen pragmatismoak [PP] eta besteen bakerako jarrerak [ezker abertzalea]" konponbiderako bidea zabaltzea, bere iritziz horiek izan baitira orain arte alde guztiak elkarrekin esertzea eragotzi duten bi muturrak.
PSE-EEko bozeramaileak gaineratu du konponbidea alde guztien artean bilatu behar dela, "bestela ez delako konponbide iraunkorra izango". Presoen gainean esan du ETAren inguruan zait garrantzitsua osatzen dutela. Euren gainean, ordea, euskal gizarte osoak erabaki behar duela adierazi du, "ordezkatzen duten erakundeen bitartez".