Otegi: "Espetxeak hustu eta kaleak bete behar dira gure eskubideen defentsan"

EH Bilduk kanpainako ekitaldi nagusia egin du Barakaldon, BECen, Laura Mintegi lehendakarigaiarekin, 12.000 jarraitzaileren artean. Koalizioak irabazi egingo duela esan du hautagaiak. Arnaldo Otegik espetxetik egindako adierazpen batzuetan esan du autonomismoak porrot egin duela.

2012ko urriaren 13a
01:45
Entzun

12.000 jarratzaileren aurrean egin du Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiak kanpainako ekitaldi nagusia, Barakaldoko BECen. Mintegirekin batera, Arnaldo Otegi izan da ekitaldiko protagonista nagusia. Espetxetik egindako adierazpenetan esan du espetxeak hustu eta kaleak bete behar direla. Elkartasuna adierazi die presoei eta haien senideei Otegik; bereziki, Josu Uribetxeberriari eta haien familiakoei.

Gaur bete dira hiru urte bera eta Bateragune auziko beste lauak atxilotu zituztenetik. Adierazi du, gainera, Espainiak ez duela egoera kudeatzen jakin, eta Rubalcabak behin ETAz esandakoetan oinarrituta adierazi du Londresek Irlandan bezala bukatzeko aukera izan duela, baina "Katalunia, Eskozia eta Quebecen bezalan" amaitzean aukeratu duela. 

Hanka bat kalean eta bestea erakundeetan

Ekitaldia Mintegiren hitzaldiarekin amaitu da. "Ari, ari, ari, Laura lehendakari" oihu artean hartu dute BECen bildutakoek. Mintegik esan du EH Bilduk irabazi egingo duela urriaren 21ean, eta hori ona izango dela koalizioarentzat eta bere botoemaileentzat, eta baita gizarte osoarentzat.

"Hanka bat kalean eta bestean erakundeetan izango dugu", adierazi du. Independentziaren eta euskal presoak Euskal Herriratzearen alde oihu egin dute BECen izandakoek, eta ikurriña eta Nafarroako bandera ugari izan dira ekitaldian, EH Bildukoez gain.

Txaloak Periko Solabarrietarentzat

Ekitaldiaren hasieran, txalo zaparrada ugari jaso ditu Periko Solabarria ezker abertzaleko kide historikoak. Gainera, BECen izan dira, besteak beste, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia. Arnaldo Otegiren preso zenbakia zuen kamiseta bat zeraman soinean Garitanok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.