Arnaldo Otegi (Elgoibar, Gipuzkoa) ezker abertzaleko kidea hamabost hilabetez kartzelan eduki dute, omenaldi batean “terrorismoa goresteagatik”. Abuztuaren 30ean irten zuen Martuteneko (Donostia) espetxetik, “klabe asko argituta”, Elgoibarren Elgoibarko aldizkariari emandako elkarrizketan esan duenez. Izan ere, “kartzelak bizitza politikoa kanpotik ikusteko aukera ematen dizu”.
“Oso harrera plurala” sentitu du espetxetik irtetean. “Ez bakarrik ezker abertzaleko kideen partetik. Aukera izan dut besarkatzeko EAJko jende asko, EAko jende asko, baita alderdi sozialistako batzuk ere”.
Eta politikaz mintzatu da Elgoibarren-ekin, sakon. Hona hemen jorratu dituzten arlo batzuk.
Kartzelatik irten zueneko ikusmina. “Negoziazio mahaitik Martutenera pasatu nintzen, Suitzako hotel batetik Martuteneko espetxera. Azkenean, herri honentzat, beste batzuk bezala, interlokutore politikoa izan naiz. Gobernuarekin aritu izan gara negoziazio prozesu batean. Bazegoen espektazio bat: ni ateratzen nintzenean zer esango nuen, zer egingo nuen. Hori nik banekien. Hor egon dira espekulazio pila bat, politika penitentziarioarekin gertatzen den bezala. Harritu egiten nau batzuetan bere burua abertzaletzat dutenek, adibidez, El Mundo-k esaten duena sinistea, badaudelako adibide nahikoa ez sinisteko. Adibidez M-11ren inguruan egindako guztia. Baina horiek guztiak espekulazioak dira”.
Bere geroa. “Nik eutsi egingo diet nire konpromiso guztiei. Sekula ez dut ulertu nire bizitza gure herriarekin konpromiso politikorik gabe. Gero hori nola gauzatzen den beste gauza bat da. Eta gainera kontuan hartu behar da zer baldintzatan mugitzen ari garen. Baina nik esan nuen kartzelatik ateratzerakoan eta ongietorrian ere bai: saiakera guztiak egingo ditut, berriro ere Euskal Herrian negoziazio prozesu bat izateko. Uste dut Europan laguntza bermatuta daukagula hori egiteko. Eta uste dut euskal herritar gehienek hori nahi dutela eta uste dut hori egin behar dela. Ikusiko dugu zer tamainatan eta zer publikotasunez. Ez naiz ezkutatuko, baina hori izango da nire lana ezker abertzalean”.
Bake prozesua. “Ez nuke esango porrot egin duenik. Sinistu nahi dut eten bat egon dela, baina eten horretatik oraindik partiduaren bigarren zatia falta dela. Asko aurreratu da. Gatazkaren konponbidean klabeak zeintzuk diren oso argi argi daude. Klabe horietan asko aurreratu zen eta akordioak egon ziren: hor dago aurreakordioa”.
Akordioaren funtsa. "Herri honek joko arau berriak behar ditu, eta joko arau horiek oso sinpleak dira: Hego Euskal Herriari dagokionez lau herrialdeei egokitu behar zaie; eta proiektu politiko guztiak egiterik egotea modu demokratiko eta baketsuan. Gu independentistak gara, eta eskatzen dugun bakarra da herri honek independentzia hautatzen badu errespetatua izan dadila. Hori da azken batean akordioaren funtsa”.
Independentisten azterketa sakona. ”Ni konbentzituta nago gutxienez independentismoak baduela eskaintza politiko sendo bat herri honi egiteko, egingarria, demokratikoa, eta herri honek nahi baldin badu estatu izatera eramango duena. Gizarte honek asko eboluzionatu du, eta nekadura bat sumatu egiten dut. Nekadura hori krisi batetik ikusten dut, abertzaletasunak ehun urte daramatzalako Euskal Herria askatzen, baina Euskal Herria ez dugu askatu. Beraz horrek zerbait esan nahi du: zerbait gaizki egin dugu. Eta nik uste dut erreflexioak hortik abiatu behar duela independentismoan. Ez zait interesatzen EAJ independentista den ala ez eztabaidatzea, edo EAJk gauza bat egiten duen ala ez. Independentistok azterketa sakona egin behar dugu. Europan badira adibide argiak nondik etorri daitezkeen ikusteko. (…) Oso gertutik jarraitzen ari naiz Eskoziako bilakaera: orain dela 30 urte independentistak ez ziren %1era ailegatzen (Euskal Herrian independentistok gutxienez %30ean gaude) eta eskoziarrek urte gutxi barru erreferenduma izango dute estatu bat izateko, eta ez dakigu irabaziko duten ala ez, baina botoen erdia inguru lortuko dituzte. (…) Erronka da jendea konbentzitzea, eta ez badugu jendea konbentzitzen ez gara joango aurrera inoiz”.
Lizarra-Garazi. “Nik uste dut Lizarra-Garazik fruitu asko eman dituela. Besteak beste, bat eman zuen, niretzat inportanteena: ikustaraztea bere garaian herri honentzako diseinatutako marko politikoa, lurralde zatiketa eta erabakitze eskubidearen ukazioa eta guzti hori krisian zegoela; baita ere behar bat zegoela herri honetan markoa aldatzeko eta aldaketa politikorako. Eta horrek ere hor jarraitzen du”.
Ibarretxeren kontsulta. “Nik azterketa politikoak egiterakoan ez ditut intentzioak begiratzen, intentzio onenarekin ere oso gauza kaxkarrak egiten direlako. Nik datuak ikusten ditut. Datuak hauek ziren: lehenengo momentutik denok genekien non bukatuko zen, ez zuela ibilbiderik edukiko. Eta hor dago”.
EAJ. “Nik momentu honetan EAJ nahiko galduta ikusten dut, uste dudalako ez duela proiektu bat estrategikoki landua; eta horrek funtzionatu egin du azken 30 urteetan, baina EAJk eraman duen estrategiaren krisia nahiko nabarmena da. Horri irtenbidea eman behar diote. Zaila dute”.
Legez kanporatzeak-eta. “Momentu honetan ezker abertzaleak baldintza oso kaxkarrak dauzka ekinbide politikoa egiteko. Ez da bakarrik ilegalizazioa, errepresio bortitza da. Nolabait ere badago intentzio bat, helburu bat, ezker abertzalea joko politikotik kanpo uzteko. Hori da ezker abertzaleak permititu ez dezakeena. Ezker abertzalea indar politiko bat da, herri mugimendu bat da, ezkerrekoa, independentista, oso sustraitua herri honetan. Momentu honetan zaila izanik ere bere lana aurkituko ditu mekanismoak, beti ere, nire ustez, politikoki era prekarioan. (…) Nik uste dut [Espainiako Estatua] oso oker dabilela horrekin. Guk ere jakin behar dugu inteligentziarekin jokatzen. Estatuak eremu batean nahi gaitu, konfrontatzen, estatua indartsuago sentitzen delako. Guk badakigu estatua zer eremutan dagoen askoz ere ahulago”.
Estatuen arrazoiak, ahulak. “Euskaldunok baditugu arazo estrategiko eta larriak bi estatuekin. Baina etorkizuneko estrategia eraginkorraren klabea hemen dago, Euskal Herrian. Nik esperientzia bat eduki dut nazioarteko begiraleekin eta ez da lehena izan. Han konprobatu izan dut estatuaren arrazonamenduak zer ahulak diren Europaren aurrean. (...) Nahiko adibide bitxia egon da, eta seguraski kaleko dinamika eroan pasatu egiten dena, baina kartzelan asko irakurtzeko aukera izaten duzu. Estrasburgon Batasunak bere ilegalizazioaren kontra planteatutako helegitea ikusiko da: lehen aretoak eskatu du plenoan eztabaidatzeko eta, plenarioan egiten bada, epaile guztiak egongo dira eta publikoa izango da (beraz, publikoa joan ahal izango da epaiketara, komunikabideak eta abar). Espainiako estatuak eskatu du espreski hori horrela ez egitea, ez duelako nahi publikotasunik. Hori paradoja handia da".
Politika
Otegi: "Estatua izateko independentistok azterketa sakona egin behar dugu"
Ezker abertzaleko kideak elkarrizketa luzea eman dio 'Elgoibarren' herri aldizkariari, kartzelatik irten eta egun gutxira. Bake prozesuak "bigarren partida" izango duela "sinistuta" dago, eta berak "konpromiso guztiei eutsi" egingo diela aitortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu