Konponbideari begira

Otegi: "Estatuen aurrean konfrontazioa planteatuz soilik lor dezakegu bere inmobilismoa gainditzea"

'Argia' astekariak elkarrizketa egin dio ezker abertzaleko kideari. Logroñoko espetxean dago. Maiatzean, Espainiako Auzitegi Gorenak 'Bateragune auziko' sei urte eta erdiko zigorra berretsi zion. 

2012ko uztailaren 5a
18:25
Entzun

Argia astekariak Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideari egindako bost orrialdeko elkarrizketa argitaratu du gaur. Etorkizunean jorratu beharreko jarduera eremuei buruz hitz egin du Otegik, baita lurraldetasunaren aferaz eta Langraitz Bideaz ere. 

Ezker abertzalearen lehengo eta oraingo egoera eta estrategiaz mintzatu da Otegi. Orain lau urte ezker abertzalea "politikoki eta ideologikoki amildegira eta marjinazio politikora" zeraman prozesu batean zegoen murgilduta Otegiren esanetan. Orain, aldiz, "aldarriken fasetik egikaritze fasera" pasatu dela azadu du.

Ezker abertzaleak aurrerantzean eman beharreko pausoez galdetuta, bi eginbehar azpimarratzen ditu: "Krisiaren aurrean alternatiba integrala eraikitzea alde batetik, eta bestetik martxan ditugun borroka ezberdinei (instituzionala, ideologikoa...) funtsezkoa den beste bat gehitzea: desobedientzia zibila. Otegiren ustez, "estatuen aurrean konfrontazioa planteatuz soilik lortuko da inmobilismoa gainditzea". 

Izan ere, Otegik adierazten du Espainiako Estatuak ez daukala gatazka poiltikoari irtenbide demokratikoa emateko interesik, eta hala, aldebakartasunaren aldeko apustua nabarmentzen du. "Prozesua bilateraltasun eremura eramaten badugu, prozesua inpasean dago Gobernuak eszenatoki horretan giltza duelako. Hori nola konpontzen da? Indarrak metatuz, borroka eginez eta aldebakarreko ekimenak ugarituz alor guztietan". 

ETAren egungo egoeraz galdetuta "soinean ardura historikoa" duela dio Otegik: "50 urteko zikloari amaiera ordenatua eta definitiboa" ematea. 

Presoen eta biktimen gaia ere lantzen du elkarrizketak. "Argi ezberdindu behar ditugu biktimak eta beraien izenean hitz egiten duten eliteak", dio ezker abertzaleko kideak. Bestalde, Langraiz Bideaz galdetuta, EPPK-ak horrekiko duen kritikotasun politikoarekin bat egiten duela adierazten du; "baina argi dut ezin garela etsaiaz tronpatu, gure etsaiak Espainian daude, ez Langraitzen" . 

ELA eta LAB sindikatuen arteko akordio ezaren aurrean, "kezkatuta" agertzen da Otegi; "euskal sindikalgintzak ere askapen prozesuari egin beharreko ekarpenaren inguruan bere eztabaida estrategiko propioa egin beharra dago". 

Ezker abertzaleko kideak 995 egun daramatza preso Logroñoko espetxean (Espainia). Maiatzean, Espainiako Auzitegi Gorenak 'Bateragune auziko' sei urte eta erdiko zigorra berretsi zion

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.