legez besteko proposamena

Otegi eta Diez aske uzteko eskatu du Eusko Legebiltzarrak

edurne begiristain
2015eko azaroaren 26a
14:41
Entzun

Arnaldo Otegi eta Rafa Diezen askatasuna aldarrikatu du gaur Eusko Legebiltzarrak, EH Bildu eta EAJren botoei esker. EH Bilduk eraman du Otegi aske uzteko eskatzen duen legez besteko proposamena osoko bilkurara, eta hura da aurrera atera dena, Rafa Diez ere libre uzteko galdeginez EAJk egindako zuzenketa gehigarriarekin batera. Hori hala, Bateragune auziagatik preso jarraitzen duten ezker abertzaleko bi kideek ez zutela kartzelan egon behar aldarrikatu du ganberak. PPk, PSEk eta UPDk aurkako botoa eman dute. Guztira, aldeko 48  boto izan ditu proposamenak, eta kontrako 25.

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak egin du proposamenaren defentsa osoko bilkuran. Hark arbuiatu egin du Bateragune auzikoen aurkako "jazarpena", eta nabarmendu du Otegiren delitu bakarra politikan aritzea izan dela. "Pertsona bera izan da prozesu penalen helburua, ez egin duenagatik, berak ordezkatzen duenagatik baizik. Bere izaera eta izanagatik jazarri dute".

Joseba Egibar jeltzaleak bat egin du Arzuagarekin, eta salatu du Bateragune auziak "bultzada politikoa" izan zuela: "PSOEk bultzada politikoa eman eta Garzonek hartu zuen erabakia". Otegik eta Diezek kalean egon beharko luketela esan du Egibarrek, ez dutelako deliturik egin. "Kalean beharko lukete politika egiteko".

PPk, PSEk eta UPDk gogor jo dute EH Bildu eta EAJren aurka. Nerea Llanosek (PP) Legebiltzarra "judizializatu" nahi izatea egotzi die bi taldeei. Jose Antonio Pastorrek (PSE) botere banaketa errespetatzeko eskatzeaz gain, nabarmendu du Otegi ETArekiko lotuta izateagatik dagoela preso. Sozialisten zuzenketa defendatu du Pastorrek: zuzenketak, besteak beste, EAEko eta Espainiako Gobernuei eskatzen die sustatu ditzatela "terrorismo delituengatik" zigortutako presoak gizarteratzeko ekimenak. UPDk, bestalde, "lotsagarritzat" jo du legebiltzarrak, eta bereziki Iñigo Urkullu lehendakariak,  "gaizkile" baten askatasuna eskatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.