Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagia eta Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea sarituko dituzte gaur, Gernikan, "bakeari egindako ekarpenagatik". Hala azaldu zuen Gernikako alkate Jose Mari Gorroñok, sarien berri ematean. Esan zuenez, "elkar ulertzea" bultzatu dute Egigurenek eta Otegik, "ideologikoki elkarrengandik urrun egon arren".
Otegik ezin izango duenez jaso, Egiguren ere ez da saria jasotzera igo, eta bien alabek jasoko dute saria. Maria Egigurenek esan du "gorrotoa" eta "beldurra" ezagutu dituela, baina horiek "iraganeko kontuak" izateko nahia azaldu du. Ondoren, Jesus Egigurenen hitzak irakurri ditu: eskerrak eman dizkie Arnaldo Otegiri, Frantxua Maitia EEPko presidenteari, "bakearen ministro" Alfredo Perez Rubalcabari, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohiari eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi Patxi Lopezi.
Garazi Otegik jaso du saria Arnaldo Otegiren izenean. Begoña Landak hartu du hitza hurrena, Arnaldo Otegiren gutun bat irakurtzeko. Adierazi du "ohore bat" dela Bakearen Gernika Saria jasotzea, eta Txillarreko baserrian eginiko bilerak izan ditu gogoan. Otegik azaldu du bilera haietan alboratu egin zitutela "alderdikeriak" eta "txikira jokatzeko ohitura", eta "handira" jokatzen hasi zirela.
Aurretik, mezu bana helarazi dute Gerry Adams Sinn Feineko buruzagiak eta Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel saridunak. Esquivelek esan du "bidezko aitortza" dela Otegi eta Egiguren saritzea, eta ezker abertzaleko kidea askatzeko "justiziaren kontzientzia" aldarrikatu du. Adamsek, berriz, "desira onena" opa die "prozesu baketsu honetan konprometitu direnei".
"Trantsiziorako" eskubidea
ETAk bere jardun armatua behin betiko eten ondoren "trantsizio bat" egiteko beharraz mintzatu da Egiguren, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. "Euskaldunok gure trantsizioa egiteko eskubidea dugu", esan du. Haren ustez, Espainiako Gobernuak nahiago du trantsizio horren ordez bake prozesua "usteltzen" uztea.
Egigurenek oroitarazi du estatuek "betebeharrak" dituztela: "[Espainiako] Trantsizioan gauza asko ahaztu genituen. Horrek behartzen ditu haiek ere [Espainiako Gobernua] malguago jokatzera". Betebehar nagusia da, Egigurenen ustez, herritarrak "bakean" bizitzea, eta ETAren jardun armatua amaitu zenetik Madrilek "neurri asko berrikusteko obligazioa" duela azaldu du: "Ez badu egiten, pentsa daiteke berdin zaiola lehengo edo oraingo egoera".
Bakearen Gernika saria emango diote gaur Egigureni, Otegirekin batera. Otegiz, hauxe esan du: "Bakearen alde jardun ordez betiko moduan jardun balitz agian kanpoan egongo litzateke". Ezker abertzaleko buruzagia libre uzteko eskatu du: "Denoi komeni zaigu lehenbailehen Bilduk justiziarekin arazorik ez izatea eta bere buruzagiak kalean egotea".
"Gaizki sendatutako katarroa"
Espainiako epaitegiek zigortutako Donostiako zortzi gazteen inguruan ere galdetu diote Egigureni: "Gaizki sendatutako katarroa berritzea da. Gauza horiekin ez da jolastu behar".
Parot doktrinaz ere jardun du. Haren iritziz, "erori" egingo dira 197/2006 doktrinaren tankerako neurriak, eta erantsi du: "Preso batentzat irtetea bezain garrantzitsua da jakitea noiz irtengo den". Halaber, presoak Euskal Herriratzea ere galdegin du: "Presoak urrutiratzea eskatu genuenok inork baino eskubide gehiago dugu hurbiltzea eskatzeko".