Bake prozesua

Otegi: "ETA epe motzean desmilitarizatzeko beharrezkoa da adostutako mekanismo bat"

Sinn Feinek Derryn egin duen batzarrean irakurri dute Batasunako buruzagi ohiak Logroñoko espetxetik bidalitako gutuna. Bertan ohartarazi du bake prozesuak beharrezkoa duela nazioartearen babesa, aurrera egingo badu. 

Sinn Fein-en batzarra. SINN FEIN
2015eko martxoaren 8a
17:30
Entzun

Bake prozesua du ardatz Arnaldo Otegik Logroñoko espetxetik bidalitako gutunak. Nabarmendu du hiru direla uneotan negoziazioetarako puntu nagusiak: ETA epe motzean armagabetu eta desmilitarizatzea ahalbidetuko duen adostutako mekanismo bat zehaztea; preso politikoak askatzeko agitasmoa; eta biktima guztiak behar bezala aitortuko dituen plan bat. Horretarako, ordea, nahitaezkotzat jotzen du nazioartearen esku hartzea, "ezin baitugu espero Madrilek inolako urratsik egitea". 

"Syrizak Grezian, Sinn Feinek Irlandan eta EH Bilduk Euskal Herrian rol garrantzitsuak jokatuko dituzte etorkizun hurbilean, bai herritarren eskubideen defentsan eta baita gure herriaren subiranotasunaren defentsan", dio mezuan.

Bide batez, gogorarazi du Espainiako Gobernuak gatazka konpontzeko mugimendurik ez egitea erabaki zuen bitartean EH Bilduk bere estrategia politikoa aldatu zuela, eta, hala,  ETAk armak uztea lortu. "Ekimen hauek guztiak alde bakarrekoak izan dira. Madrilek behin eta berriz oinarrizko eskubide demokratikoak ukatzeak, ordea, euskal gizartearen gehiengoaren eta Madrilgo gobernuaren arteko nahitezko aurrez aurrekoa dakar".

Erabakitzeko eskubidea

Espainiako Gobernuaren jarrera kontuan izanik, "euskal gizartea bere kabuz mugitzen hasteko garaia" dela uste du Otegik. "Euren esku dagoen guztia egin behar dute bakearen erronkak eta erabakitzeko eskubidearekiko errespetua agertoki politikoaren erdira eramateko". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.