Gatazka politikoa

Otegi: «ETA gertu dago indarkeria uzteko»

AEBetako 'The Wall Street Journal' egunkariak elkarrizketa egin dio ezker abertzaleko kideari

Erredakzioa
2010eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
«ETA gertu dago indarkeria uzteko eta euskal estatu independentea sortzeko estrategia baketsuari ekiteko». Hala dio Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideak.The Wall Street Journal Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) hedabideak egin dion elkarrizketan. Idatziz erantzun die Otegik komunikabidearen galderei, espetxetik.«Gertakariak» espero ditu ezker abertzaleko kideak, eta«laster» izango diren itxaropena du. Horiek heltzen direnean, Espainiako Gobernuak Euskal Herriko gatazka konpontzeko elkarrizketak hasteko «presio handiagoa» edukiko duela nabarmendu du, gainera.

The Wall Street Journal-ek, atzoko edizioan jaso ditu Otegik Logroñoko kartzelatik (Espainia) emandako erantzunak. Han daukate preso ezker abertzaleko politikaria. Iazko urrian atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Batasunaren Mahai Nazionala berrosatu nahi izatea egotzita. «Iraganean Espainiako Gobernuarekin izandako bake elkarrizketetan negoziatzaile erabakigarri» gisa aurkeztu die hedabideak ezker abertzaleko kidea bere irakurleei.

Behin eta berriz zabaldutako mezu berberari eutsi zaio Otegi AEBetako komunikabideak egindako elkarrizketan ere. Hala, ezker abertzaleak «helburu politikoak» lortzeko asmoz «edozein indarkeria» erabiltzea baztertu egiten duela berretsi du. «Gure jokabidea irmoa eta bueltarik gabea da. Behar adina berme emateko prest gaude». Ezker abertzaleak, Gernikako Akordioko kide modura, «su-eten alde bakarrekoa, iraunkorra eta egiaztagarria» emateko deia egina dio ETAri joan den irailetik, eta azaroan iragarri zuen alderdi politiko berria legeztatzeko estatutuetan «indarkeria errefusatu» egingo duela.

Beren jarrera «irmoa eta atzera bueltarik gabekoa» dela erakusteko «behar adina berme» emateko prest daudela nabarmendu du Otegik, ulertzen baitu «Espainiako Gobernuak bermeak eskatzea bere herritarren segurtasuna babesteko». Hedabideak nabarmentzen duen gisan, Otegik ez du zehazten zein diren berme horiek, baina zein izan daitekeen aztarna bat ematen du gero, gogora ekarriz ETA erakunde armatua prest agertu zela nazioarteko begiraleen zaintzarako, Irlandako prozesuan IRAk egin zuen gisara.

Komunikabidearen ustez, Otegiren adierazpenak dira «euskal terrorismoa bukaerara irits daitekeela esateko orain arte egondako zantzurik handiena».

The Wall Street Journal-ek dio ETAk 829 pertsona hil dituela «Espainiako iparraldean eta Frantziako hego-ekialdean euskal estatua lortzeko asmoz», eta idatzi du AEBek, Espainiako Estatuak eta Europako Batasunak «erakunde terroristatzat» daukatela.

Otegiren adierazpenei erantzuteko aukera eman zion hedabideak Espainiako Gobernuari, baina hark muzin egin zion aukera horri. The Wall Street Journal-ek azpimarratu du aurretik ere jarrera bera hartu izan duela Espainiako Gobernuak ETAren agirien eta ezker abertzalearen adierazpenen inguruan. Haietan jasotakoak nahikoak ez direla esan, eta beste iritzirik ez ematea erabaki duela.

Nolanahi ere, gobernuko ahotsek hitz egin zuten atzo, Otegik esandakoei buruz. Alfredo Perez Rubalcaba presidenteorde eta Barne ministroak, esate baterako, hau esan zion Otegiri: «Bi agirirekin ez dira ixten hilketaz betetako hamarkadak». ETAk armak uzteko asmoa izan dezakeela esatea ez da berria Rubalcabaren iritzian, baina ez dela gertatzen ikusita, «propaganda estrategia» besterik ez dela uste du.

Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendiak ere antzeko hitzak izan ditu. Otegiren hitzek ekarpenik ez dutela egiten uste du, «ezer berririk ez duelako esaten». Hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.