Martxoaren 11n Madrilen izandako sarraskiak "ETAri hausnarketa egitea eragin" diola suposatzen duela adierazi du Otegik. "ETA atentatua gertatu eta hurrengo egunera zuzendu zitzaion Euskal Herriari, eta hori egin bazuen kezkatuta zegoelako zen", azpimarratu du. Madrilgo sarraskia euskal gizarteak "tristura handiarekin" bizi izan zuela adierazi du Batasuneko kideak, eta "beldurtuta" zegoela, "batik bat Espainiako Gobernuaren aldetik etor zitekeen erasoaren beldur".
Otegik kritikatu egin du Euskal Herriko alderdi politikoek egun horretan azaldu zuten "maila politiko eskasa". "Euskal klase politikoak Acebes ministroak idatzitako gidoari jarraitu zion. PPk gezurra esan zuen, eta hemengo politikariek gezur hori zabaltzen lagun zioten, Ibarretxetik hasi eta Aralarrekin bukatuz", argitu du. Ildo horretatik honako hausnarketa plazaratu du Otegik: "Zer egin behar dugu euskaldunok horrelako gauzak berriro gerta ez daitezen?", galdetu du. Hori dela eta, politikariei "ardura politikoz" jokatzeko deia egin die Otegik.
Aralarren eskaintzaren inguruan
Arnaldo Otegik "pozez" hartu du Aralarrek Europako Parlamenturako hauteskundeetara koalizio osatuz joateko eskaintza, eta hiru arrazoi eman ditu horretarako. "Bata, poztu egiten gara Bergarako Ekimena begi onez ikusten delako; bigarrena, indarrak biltzeko unea delako, eta ez banaketarako; hirugarrena, guk interes handiarekin jaso dugulako eskaintza hori", azpimarratu du. Hala ere, ez da oso baikor azaldu, EAJk eta EAk beren asmoak dituztelako. Horrez gain, eskaintza hori Abertzaleen Batasunari zabaldu behar zaiola gogoratu du, "koalizio bat osatzekotan, koalizioak nazionala izan behar duelako", zehaztu du.
Europara begira jarrita, Jacques Chirac Frantziako presidenteak Europar Batasuneko bileran esandako hitzak ekarri ditu gogora Otegik. "Chiracek atzo esan zuen ekintza terrorista horien atzean gatazka politikoak daudela, eta horiek saihesteko gatazka konpondu behar direla", adierazi du. "Hori nik esan banu, terrorismoaren goratzea egin dudala leporatuko zidaten, baina Chiracek esan duenez bada...", gaineratu du. Otegiren ustez, gauza bat argi dago, gatazka politikoak daude munduan eta horiek elkarrizketaren bidez konpondu behar dira.
Zapateroren agintaldia
Martxoaren 14ko emaitzak jakin ostean, ezker abertzaleak Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente izango denari "maila emateko" eskatu ziola gogoratu du, eta Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroak Irlandarekin egin zuena egiteko galdegin dio Otegik. "Guztiok dakigu PSOEk zer egin zuen Gobernuan egon zen hamabi urteetan, eta azken urteetan nola jokatu duen PPren itzalean. Hala ere, aurrera begiratu beharra dago, eta gatazka konpontzeko borondatea baldin badago, elkarri keinua egin behar ditugu", nabarmendu du. Horretarako, Alderdien Legea deitutako atala Zapaterok berraztertu egin beharko lukeela nabarmendu du.
Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak 2005ean
Arnaldo Otegiri Batasunak Eusko Legebiltzarreko 2005eko hauteskundeetan parte hartzeko aukera izango duen ala ez galdetu dio kazetariak. "Gu hauteskundeetan egotea PSOEk gatazka politikoa konpontzeko duen araberako izango da. PPk irekitako bideari jarraitzen badio, garbi dago ez dugula aukerarik izango", zehaztu du.
Batasunak hauteskundeetan parte hartzeko aukera badu "berri ona" izan dela nabarmendu du Otegik, "bai guretzat, baita gatazkari begira". Ezker abertzaleko ordezkariaren esanetan, hori gertatzen bada, "gatazka politikoa konpontzeko bideak irekitzen" ari direla esan nahiko du.
Politika
Otegi: "ETAk su-etena eman dezan, zurrumurruak alde batera utzi eta lan gehiago egin behar da"
Arnaldo Otegi ezker abertzaleko ordezkariaren arabera, Aberri Egunaren bezperatan beti azaltzen da komunikabideetan ETAren balizko su-eten baten inguruko zurrumurrua. Otegiren ustez, jendeak interes handia du zurrumurruak zabaltzeko eta jendea nahasteko, eta kontu horiekin ez dela "jolas" egin behar dio. "ETAk su-etena eman dezan, zurrumurruak alde batera utzi eta lan gehiago egin behar da", azpimarratu du Otegik ETB-2ko 'El Punto' saioan eskaini duen elkarrizketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu