'Batasuna auzia' / Otegiren espetxeratzea

Otegi: "Ezker abertzaleak bakearen aldeko apustuarekin jarraituko du"

19:15 aldean atera da Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramailea Soto del Real (Madril) espetxetik, 400.000 eurotako bermea ordainduta. Irten eta berehala, ezker abertzalean ildoa ez dela aldatu esan du. "Nirekin gertatutakoak ez du inolaz ere aldatzen ezker abertzalearen ildo politikoa. Ezker abertzaleak bakearen aldeko apostua egiten du, Anoetako proposamena egin zuen, eta hori mantentzen dugu, gurekiko jarrera edozein dela ere". Bestalde datorren ekainaren 4ean Bilbon egingo den manifestaziorako deia egin du "euskal preso politikoak askatzea eskatzeko".

2005eko maiatzaren 27a
20:00
Entzun
Batasuneko hainbat kide eta familia zai zituen Otegik kartzela kanpoan, eta haiek alboan zituela, argi esan du, Batasunak Orain herria, orain bake proposamena mantentzen duela.

Isolamendu moduloan berarekin egon diren preso sozialen kezkak ere plazaratu ditu Otegik. Esan duenez, Madrilgo presoekin egon da isolamendu moduloan, eta haien egoera "kaskarra" salatu du. Osasun zerbitzuak oso urriak direla eta hezitzaileak ez direla isolamendu modulora joan nere egiten salatu du.

Otegiren abokatuak Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande-Marlanskak kartzelatik ateratzeko baldintzatzat jarritako 400.000 euroko bermea ordaindu dute. Beraz, epaileak eguerdian sinatu du Otegiren kaleratze autoa. Bermearen erdia atzo ordaindu zuten, eta beste erdia gaur. Espetxetik aterata, astean bi aldiz joan beharko du sinatzera etxetik gertuen duen epaitegira, ezin izango du Espainiako Estatuaren mugetatik atera, eta etxebizitzaz aldatu nahiko balu, epaileari abisu eman beharko lioke.

Soto del Realeko espetxean egon da Batasuneko bozeramailea, atzo goizaldeatik. Isolamendu modulura eraman zuten atzo, berri agentzien arabera "bere segurtasunagatik". Isolamenduan dagoen denboran, bakarrik egongo da, baita patioan ere.

Otegi aske uzteko epaileak jarritako berme handia ordaintzeko, laguntza eskatu du Batasunaren mahai nazionalak.

Salaberriak ez zuen zitaziorik jaso

Jone Goirizelaia abokatuak jakinarazi duenez, Joan Salaberria Batasunako kideak ez zuen Espainiako Auzitegi Nazionalera joateko zitazio ofizialik jaso. Radio Euskadiko Graffiti saioan esan zuenez, Salaberriak komunikabideen bidez jakin zuen Fernando Grande-Marlanskak deklaratzera deitu zuela, baina, "zitazio ofizialik jaso ez zuenez, ez zuen zertan agerturik".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.