poliTIKA

Otegi: "Ezker abertzaleak lehendabizi eskenatoki demokratikoa eraikitzeko erronka dauka"

Bere webgunean sarrera bat egin du gaur ezker abertzaleko kideak. "Bloke herritarra eta sozialista antolatzeko eta mobilizatzeko" dei egin du. Otegi Logroñon daukate preso egun. Bihar Galizian hura aske uzteko kanpaina bat aurkeztuko dute.

2010eko abenduaren 8a
18:38
Entzun
"Ezker abertzaleak, beste eragile sozial eta sindikal batzuekin, lehendabizi benetako eskenatoki demokratikoa eraikitzeko erronka dauka. Ondoren segituko luke, ezkerretik, euskal estatuaren sorrerara eramango gaituen bidean". Hala dio Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideak arnaldotegi.com webgunean gaur egindako sarreran. 2009ko urritik preso daukate; gaur egun, Logroñoko (Espainia) kartzelan. "Orain arteko pausoekin bidearen zati bat egin da. Helmugara artean jarraitu behar da". Ezker abertzaleak azkeneko urtean hainbat urrats egin ditu.

Otegik aitortu du "zailtasunez betetako garaiak" direla hauek, baina "gogoeta egiteko, partekatzeko eta, batik bat, bloke herritarra eta sozialista antolatzeko eta mobilizatzeko garaiak dira". Bloke horrek gaurko egoeraren aurrean "alternatiba herritarra, demokratikoa eta erradikala" eratu beharko luke.

Asko izan dira azkenaldian ezker abertzaleko kide hura askatzeko eskatu duten lagun eta eragileak, eta jasotako "laguntza eta elkartasuna" eskertu ditu hark. Bihar bertan Vigon (Galizia) Otegi aske uzteko kanpaina bat aurkeztuko dute; besteak beste, Xose Manuel Beiras BNGko buru izandakoak hartuko dute parte. Hilaren 19rako, berriz, Elgoibarko plataformak Logroñoko espetxera martxa antolatua du.

Otegik, dena dela, bere kontrako operazioan atxilotu eta oraindik preso daudenak gogoan izan ditu -Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta-, "baita euskal preso politiko denak ere".

Hain zuzen, ezker abertzaleko kidea azkeneko aldiz 2009ko urriaren 13an atzeman zuten, Batasunaren Mahai Nazionala berrosatu nahi zuelakoan eta ETAren esanetara ari zelakoan.

"Irabaziko dugu! Antolakuntza eta borroka!", dio gutunaren bukaeran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.