Ikusmin handia sortu du Arnaldo Otegi preso ohiak gaur Bilbon EH Bilduren egoitzan egin duen agerraldiak, baina hark azaldu du ez dela orain itzuli politikagintzara, "kartzelan ere politika" egin duela esan baitu. Martxoaren 1ean atera zen kartzelatik, Bateragune auzian sei urte pasan preso egonda. Gaur egin du EH Bilduko kide modura aurreneko agerraldia, Bilbon, aurretik taldekideekin batera "etorkizuneko erronkak" aztertu ostean. "Aldaketa" erein eta lortu nahi dutela adierazi du. "Gauzak aldatzeko gobernatu nahi dugu".
Koalizioak bere kideen artean Otegi proposatu du Eusko Jaurlaritzako lehendakarigai; oraindik ez da prozesua bukatu. Otegik esan du gaiari buruzko "morbo handia" dagoela nabari duela, "baina denbora behar da herriaren nahia entzuteko". Bera bada lehendakarigai, 2021 arteko inhabilitazio zigorra dela-eta aurkezteko zailtasunak egongo direla aurreikusi du, "Espainiako Estatuak ahalegin guztiak egingo dituelako hautagaitza oztopatzeko". Otegiren abokatuak eta EH Bilduk diote zigorra karguekiko zehazgabea dela, eta aurkezterik izango duela.
EH Bilduk EAEn ere gobernuan egon nahi duela adierazi du Otegik, "gauzak aldatzeko". Haren arabera, burujabetzaren bidean urratsak egin behar dira, eta "aldaketa soziala" ere funtsezkoa da. Ez du uste Espainiako Estatuarekin ezer lortzeko aukerarik dagoenik. "Badago aukerarik bigarren trantsiziorako? Espainiaren plurinazional izaera onartzeko? Ez dut uste". Ondorioz, ezinbesteko deritzo Euskal Herriak Kataluniaren bidea urratzeari.
Gatazkaren ondorioei dagokienez, "ixteko promes" egin dutela esan du. Euskal presoen egoera izan du hizpide, besteak beste, eta haiek "kalera ateratzeko bide denak onak" direla iritzi dio.
Otegi datorren astean Londresen eta Irlandan egongo da, eta hilaren 26an, Bruselan.