Politika

Otegi: "Herri honek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela onartu behar du Zapaterok gatazka amaitu nahi badu"

Batasunako bozeramaile Arnaldo Otegik Euskadi Irratian adierazi duenez, "Zapaterok gatazka politikoarekin amaitu nahi badu, herri honek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela onartu beharko du". Otegik ETArekin hitz egin dezan eskatu dio Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterori, baina alderdien arteko adostasunari garrantzia gehiago ematen dio. "Nik ez diot ardura luzatuko ez Espainiako Gobernuari ez ETAri. Beraiek beraien ardura propioak dituzte, eta beharrezkoa izango da beraiek hitz egitea eta akordio bat lortzea. Baina hori lehenengo zatia besterik ez da. Bigarren zatia da: Euskal Herriko eragile politikoak zer gaude prest egiteko momentu honetan mahai bat eratzeko eta akordio bat lortzeko? Hori da guri dagokiguna".

2005eko apirilaren 26a
16:04
Entzun
Etorkizunari begira baikor agertu da Otegi. "Gauzak asko aldatu diren azken hilabeteetan, eta etorkizunean ere gauzak asko aldatuko dira. Aldaketa horiek guztiak onerako izan dira. Horren adibide garbia da orain EHAK alderdiari ez zaizkiola jartzen Batasunari jartzen zitzaizkion baldintza guztiak. Azken lau urteetan EAJk eta EAk ziotenez, ezinezkoa zen Batasunarekin akordio bat lortzea borroka armatua gaitzesten ez bagenuen; orain ez zaio EHAK-i baldintza hori jartzen. Horrek zenbait eztabaida politikoren faltsutasuna agerian uzten du".

Otegik azpimarratu duenez, EHAK-k ez du Batasuna ordezkatuko Legebiltzarrean, Anoetako proposamena eta eskubide guztien aldeko ekimena bere gain hartu dituen arren. Bestalde, EHAK-k Legebiltzarreko Mahaian egoteko eskubidea duela adierazi du Otegik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.