Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak harrera egin dio gaur Arnaldo Otegi Sorturen idazkari nagusiari. 25 minutuz bildu dira modu "adeitsuan", parlamentuko iturriek azaldu dutenez. Ondoren legebiltzarrean bertan eginiko agerraldian, Otegik azpimarratu du Kataluniak prozesu "eredugarri eta demokratiko" bat abiatu duela: "Europan estaturik gabeko herrien abangoardia izaten ari da". Esan du "ardatz soziala eta nazionala txanpon beraren bi aldeak" direla prozesu subiranista batean, eta Euskal Herrian "alternatiba independentista bat" eraikitzearen alde azaldu da, hiru elementu ardatz hartuta: "Justizia soziala, burujabetza soziala eta gatazkaren ondorioak konpontzea".
CUPek gonbidatuta eta ikusmin handiarekin heldu da parlamentuan. Bisitarekin kritiko agertu dira PSC, PP eta Ciutadans, eta herritar talde batek sinadura bilketa abiatu du bilera bertan behera gera dadila eskatzeko. Izan dira Parlamentuaren kanpoaldean hiltzailea eta alde hemendik zioten pankartekin agertu direnak ere. Diputatuen gehiengoak, ordea, babestu egin du Otegiren bisita, baita Carles Puigdemont Generalitateko buruak berak ere.
Arratsaldean, ekitaldi ireki bat egin dute Sant Andreun Otegiren omenez, eta hitza hartu du han ere. Hipercorreko atentatua izan zen lekutik gertu egonik, esan du bere egiten duela biktimen oinazea, eta atentatu hark ez zuela inoiz gertatu behar.
Elkarrizketa egin diote Otegiri Catalunya Radion, eta desarmeaz galdetuta halaxe esan du: "Desarmeak krispazioa handituko du. Iraganarekin lotu nahi gaituzte, etorkizuneko figura bihur ez gaitezen". Bide batez, nabarmendu du adostutako erreferenduma litzatekeela onena bai Kataluniarentzat eta baita Euskal Herriarentzat, ordea, "Ebroz bestalde, inor ez da gurekin adosteko prest".
Elkarrizketa baliatu du Otegik PSC eta PPCko buruzagiei eskatzeko "onar" dezatela Parlamentura egitekoa duen bisita. Izan ere, bi alderdiotako buruek gogor gaitzetsi dute ezker abertzaleko buruzagiaren bisita, eta Terrorismoaren Biktimen Kataluniako Elkartearekin bat eginez, hari egotekoa dion harrera bertan behera uzteko eskatu diote Forcadelli. Azken horrek, ordea, nabarmendu du Parlamentua elkarrizketarako gune izanik, ezin diola sarrera ukatu buruzagi politiko bati.