Otegi: "Ibarretxeren proposamena hiru herrialdeei begira egina zegoen, hori da gurearekiko funtsezko aldea"

Egungo marko politikoa "inposatu" egin zela adierazi du Batasuneko buruzagiak, eta, aldiz, marko berri baten eraikuntza "borondate demokratikoak batuz" proposatzen dutela. Aurrera egiteko Espainiako Gobernuak ETArekin hitzegitea ezinbestekoa dela erantsi du.

2007ko otsailaren 15a
11:42
Entzun
"Egungo banaketa [Hego Euskal Herrikoa] inposatu egin da, besteak beste, Nafarroako Amejoramendua ez baitzen erreferendumera eraman. Horren ordez guk proposatzen dugu Hegoaldeko lau herrialdeentzako marko autonomiko bakarra, baina ez inposatuz, baizik eta borondate demokratikoak batuz", adierazi du Arnaldo Otegi Batasuneko buruzagiak ETBko El Punto saioan, egin duten azken proposamen politikoari buruz galdetu diotenean. Hego Euskal Herriko lau probintzientzat proposatzen duten estatutu berri hori arabarrek, bizkaitarrek, gipuzkoarrek eta nafarrek berretsi beharko luketela azpimarratu du.

"Honek ez du zerikusirik [Espainiako Konstituzioaren] xedapen gehigarriarekin, ez baita planteatzen Nafarroa beste zerbaitetan integratzea, baizik eta lau herrialdeen artean marko berri bat eraikitzea", zehaztu du.

Batasunak egin duen proposamenak eta Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxeren estatutu berri egitasmoak antzekotasun handiak dituztela esan da egunotan zenbait sektoretatik, eta iritzi horren kontra agertu da Otegi. "Ibarretxeren proposamena hiru herrialdeei begira egina zegoen, hori da gurearekiko funtsezko aldea".Ildo horretatik, EAJri proiektu politiko argirik ez edukitzea egotzi dio: ez argi izatea Euskal Herriarekiko zein helburu duen, ez eta zein eremu geografikotan gauzatu nahi duen. "EAJk definitu beharko lituzke bi gauza: zein den bere proiektu nazionalaren eremua, eta, bigarrenez, zein eredu estrategiko proposatzen duten gure herriarentzat. Guk estatu baten sorrera proposatzen dugu. Baina badakigiu herri honek independentzia iristeko hiru gauza behar direla: lehena, borondate demokratikoen batuketatik euskal subjektua eraikitzea; bigarrena, erabakitzeko eskubidea errespeta diezaigutela, eta hirugarrena, jendea konbentzitzeko gai izatea independentziaren onurez. EAJren proposamenak ez ditu hiru baldintza horiek betetzen. Ez dakigu beren proiektua zein mailatan eta eremu geografikotan gauzatzen den, ez dakigu nola egin nahi duten, ez eta subjektua eraikitzeko asmorik duten".

Konponbide prozesuari dagokionez, aurrera egiteko Espainiako Gobernuak ETArekin hitzegitea ezinbestekoa dela azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.