Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideak azken urteetako ibilia bildu du Gara egunkariak datorren astean argitaratuko duen elkarrizketa liburu batean, eta, egunkari horrek atzo aurreratu zuenez, barkamena eskatu die ETAren ekintza armatuen biktimen senideei, "ezker abertzaleko bozeramaile gisara (Batasunako bozeramaile guztien izenean) min edo sufrimendu apur bat" eman badie.
"ETAko kide izan naiz, eta borroka armatua praktikatu dut frankismoan; beraz, baldintza politiko ete sozial ezohikoak izan direla uste dut [...] Ez naiz hipokrita horretan [...] Gaur egun inork erabili beharreko borroka motari buruz aholkua eskatuko balit, garbi esango nioke borroka baketsua eta desobedienzia, kontu etikoengatik eta politikoengatik".
2005etik orain arteko bidea nolakoa izan den kontatzen du Otegik liburuan, tartean Espainiako Gobernuarekin Genevan izandako negoziazioak. "ETAren ordezkaritzak eskua emanez agurtu zuen Espainiakoa. Guk ez egitea erabaki genuen, keinu hori akordio bat lortutakoan egingo genuela esanez".
"Transatlantikoaren 180 graduko" norabide aldaketa
Otegik ezker abertzalearen eztabaida estrategikoa ere hizpide du liburuan. Otegik adierazi du, konpromiso hitza baliatuz, ezker abertzalearen "transatlantikoa" biratzea erabaki zutenean "kosta jotzear" zela. "Gaur egun, independentismoa nagusi izan daiteke".
Otegik dio 180 gradu aldatu zutela bidea. "Ez zen lan erraza izan; tentsio handiak izan ziren, eta ahultze pertsonala ere bai. Baina garrantzitsuena da orain denak itsasontzi berean goazela, norabide berean". Gaineratu du banaketa arriskua ez zuela jaso, "ez zegoelako beste biderik".
Hala ere, Inaxio Uriaren eta Isaias Carrascoren hilketen eta Nafarroako Opusen Unibertsitatearen aurkako atentatuaren ostean tentsio handia izan zutela aitortu du Otegik liburuan. "Estatuak banaketa nahi zuen. Baina ikusi zuenean ez zutela lortuko, atxilotu egin gintuzten".
Otegik azaldu du Euskal Herrira itzuliko ote ziren galdetu zietela nazioarteko ordezkaritzako kideek Genevako negozioazioetan, Rubalcabak atxilotu egingo zituztela mehatxu egin zuelako, espetxean hamar urte pasatzeko. Gainera, salatu du Rubalcaba izan zela oztopo nagusia PSOEk zenbait keinu egin zitzan.