EAE-ko aurrekontuak

Otegi: "Jaurlaritzaren proposamena onartezina da"

Eusko Jaurlaritzako aurrekontuen gaian, "pilota EAEko gobernuaren teilatuan" dagoela ohartarazi du EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik. Hala ere, esan du oraindik "garaiz" dabiltzala akordiorako. "Gobernuak erabakia hartu beharra dauka".

EAJ eta EH Bilduren arteko bilera, urriaren 29an, 2019ko aurrekontuei buruz. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
2018ko azaroaren 23a
09:50
Entzun

Gaur-gaurkoz, gainerako bideak itxiak dituela, EH Bildurekin akordioa egitea da Eusko Jaurlaritzak 2019ko aurrekontuak aurrera ateratzeko duen bide bakarra. Oposizioko taldearen lehentasuna argi utzi du berriz Arnaldo Otegik: "Pentsioetarako diru nahikorik gabe ez da akordiorik izango". Bere webgunean ateratako artikuluan, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ohartarazi du Jaurlaritzari dagokiola "bere eta politika sozial eta ekonomikoetan egiturazko aldaketa ekarriko duen eta pentsiodunen eta alargunen bizi baldintzak hobetzeko nahikoa izango den eskaintza aurkeztea".

Oraingoz, eta Ogasun Sailaren eta EH Bilduren arteko azken bileran gerturatzea bi aldeek aitortu bazuten ere, Eusko Jaurlaritzaren eskaintza "onartezina" da oraindik ere EH Bildurentzat. Otegiren hitzetan, DSBE Diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten 5.000 laguni soilik eragingo die Azpiazu sailburuak egindako proposamenak: "Kontuan izan behar da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 190.000 pentsiodun daudela". Kopuru horiek aldatu ezean —420 milioi euroko proposamena egin zuen EH Bilduk, eta 48 milioiko proposamena egin du Jaurlaritzak—, ez dela akordiorik izango ohartarazi du EH Bildukoak.

Urkullu, "batera" aritzearen alde

Negoziazio prozesua agortutzat jo eta Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari ezezkoa emango diotela iragarri arren, Elkarrekin Podemosek eraman du gaur gaia Eusko Legebiltzarrera. Gobernuaren asmoei buruz galdetu dio Lander Martinezek Iñigo Urkullu lehendakariari, eta Urkulluk adierazi du, "zarataren eta krispazioaren" gainetik, oposizioarekin "batera" egin nahi duela lan aurrekontuak aurrera ateratzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.