ANCk antolatutako Catalunya & Euskadi: bi herri, helburu bakarra ekitaldian izan zen Arnaldo Otegi atzo, Lleidako Antzoki Nagusian. EH Bilduko koordinatzaile nagusia ez zen bakarrik izan, harekin batera hizlari aritu zen ERC Esquerra Republicana de Catalunyako Joan Tarda, besteak beste.
Otegik ohartarazi du Kataluniako prozesuak dagoeneko ez duela atzerakorik, nahiz eta Madrilek oztopoak jarri, azken hitza herritarrek dutelako. "Oinarrizko zerbait gertatu da. Kataluniako gizartearen zati handi batek ulertu du ez dagoela Espainia demokratizatzeko aukerarik, eta horrek estatu horren proiektuarekiko banaketa eragin du". Hala, Otegiren iritziz, gobernu baten argudio bakarrak "mehatxuak eta inhabilitazioak" badira, "borroka galdu" duelako dira.
Harekin bat eginez, Tardak nabarmendu du urriaren 1a "egun historikoa" izango dela. "Hori saihesteko modu bakarra gure eskubideak urratzea da. Baina ez dute lortuko". Hain zuzen ere, parlamentuak araudia aldatzea onartu berri du erreferendumera deitzeko legea eztabaida bakarraren ondoren bozkatu ahal dadin.
"Gaizkiaren ardatza"
Otegik Kataluniako prozesuari emandako babesa haren aurka egiteko "baliatzea" ere egotzi dio EH Bilduko koordinatzaileak Espainiako eskuinari, zehazki Lleidako presidente Marisa Xandri popularrari. "Ni hemen nagoela baliatu nahi dute Kataluniako prozesu baketsu eta demokratikoa gaizkiaren ardatzarekin alderatzeko".