Arnaldo Otegi EH Bilduko lehendakarigaiak "datozen asteetan" berekin batera ariko den lantaldea aurkeztuko du bihar, Donostian, koalizioak prentsa ohar batean adierazi duenez. "Lantaldean eremu ezberdinetan esperientzia duen jendea elkartuko da, helburu batekin: Guztion Herria garatzeko asmoarekin, ikuspuntu eraikitzaile eta konpartitu batetik, eta gure herriaren egoeraren azterketa sakon bat egin ondoren, etorkizunari begira oinarrizko proposamen bat mahai gainean jartzea".
EH Bilduk esan du lantaldea ez dela "itxia" izango. "Motore lana ere egingo du, eta gizartearen esparru ezberdinetan ideiak eta proposamenak partekatzeko eta jasotzeko helburuarekin ere ariko da".
11:15ean hasiko da agerraldia, Kursaalen. Otegik berak egingo du lantaldearen aurkezpena.
EH Bilduk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako zerrendak osatzeko prozesua hasia du koalizioan. Udazkenean izango dira bozak.