Ser Espainiako irrati kateak elkarrizketa egin dio Arnaldo Otegi preso eta ezker abertzaleko kideari, eta gaur gauean eman dute. Hona hemen Otegik esandako batzuk:
- “ETAren adierazpena motza, garbia, irmoa eta anbiguetaterik gabekoa izatea nahi nuen, eta hala izan da”.
- “ETAren agiriaren berri jakitean, une hau bizi ezin duten gizon eta emakume denekin gogoratu nintzen, triste”.
- “Lehentasuna, gatazkaren ondorioez akordio sendoa lortzeko elkarrizketa prozesu zintzo eta eraikitzaileari eustea da”.
- “Giza eskubideen errespetua da ezker abertzalearen estrategiaren ardatza”.
- “Etorkizuna bakean eta askatasunean izateko heldutasuna dago euskal gizartean”.
- “Presoek eta biktimek ez dute euren neurrira egindako konponbide agendarik izan behar”.
- “Jesus Egigurenek bakearen bila egindako lan zintzoa aitortu nahi dut jendaurrean”.
- “Maiatzeko eta arazoko hauteskundeen ondorioz nabarmen geratu da EAEko erakundeetan ez dagoela normaltasun demokratikorik. Konpondu beharra dago hori, hauteskunde berriak deituta”.
- “Esparru juridiko-politiko berriak osagai hauek eduki behar ditu: Euskal Herriaren aitortza nazio bezala eta autodeterminazioaren eskubidearen errespetua —Euskal Herriko sentsibilitate desberdinen artean adostu behar da eskubide horren gauzatzea—”.
- “Neoliberalismoak inposatzen digun ereduaren aurka, ezker abertzaleak eredu sozial alternatiboaren aldeko lan handiagoa egin behar du”.
Otegi 2009ko urritik daukate preso—egun, Logroñoko (Espainia) kartzelan—, Bateragune auziagatik. Joan den irailean Espainiako Auzitegi Nazionalak hamar urteko kartzela zigorra jarri zion, ETAko buruzagitzat jota. Defentsak helegitea sartua du Gorenean.