Arnaldo Otegiren arabera, PPk hauteskundeak galdu eta gero "euskaldunok lasaitasun sentsazio bat izan dugu Aznar eta PP badoaztelako". Hala ere, PSOEren orain arteko gobernatzeko era ezaguna dela nabarmendu du. "Hortik ezin daiteke ondorioztatu PSOEk dena aldatuko duela, goizegi da", esan du. Idoia Mendia PSE-EEko legebiltzarkideak Batasunarekin hitz egin behar zela esan zuen hauteskunde biharamunean, eta Otegik "poztu" egin zela berretsi du. "Ramon Jauregik esaten du gaur adierazpen batzuetan, bakea eta arau demokratikoen barruan euskaldunon eskubideak errespetatuak izango direla", zehaztu du Batasuneko kideak.
Bergarako ekimenaren filosofiak "gero eta indar gehiago" duela azpimarratu du Otegik, eta testuinguru politiko horretan bi aukera daudela: "Bata, EAJk PSOEko Gobernuaren akordioa egitea da, eta bestea, autodeterminazioaren aldeko indarrak minimo batzuen inguruan kontsentsua lortzea", zehaztu du. Otegiren arabera, Josu Jon Imazi oraindik ez dio entzun autodeterminazio hitza aipatzea, eta EAJk zer asmo dituen jakitea gustatuko litzaiokela azpimarratu du. Otegik, hala ere, mahai batean esertzeko gonbitea egin dio EAJri. "Goazen mahai batean esertzera gutxieneko batzuen inguruan hitz egiteko. Madrilgo atea ireki baino lehenago, euskaldunon etxeko ateak ireki behar ditugu", gogoratu dio Batasuneko kideak EAJri.
Estatu kolpearen itxurakoa
Gaur zortzi Madrilen gertatu zen sarraskiaren ondotik, Espainiako Gobernuak "estatu kolpe itxurako" bat indarrean jarri nahi zuela esan du Otegik. "Madrileko atentatua ETAri leporatuta, estatu kolpe itxurako bat jarri nahi zuten indarrean hiru neurri hartuta; bata, euskal autonomia bertan behera uztea, Ertzaintza Espainiako Barne Ministerioaren esku uztea eta atxiloketak egitea, nirea tartean. Hori da niri iritsi zaidan informazioa".
Batasunak ETAk beste ekintza bat egiten badu zer jarrera izango duen galdetu diote Otegiri. Hitz-joko horretan "tranpa" egiten dela nabarmendu du, eta ezker abertzaleak bakea nahi duela nabarmendu. "Guk bakea nahi dugu, eta horretarako mahai batean eseri beharra dago", gaineratu du. Halaber, Al Kaedak Espainian ez duela atentatu gehiago egingo esan du, eta hori "su-eten partzial" bat dela azpimarratu. "Orduan, Espainian ez dute joko, baina agian Italian bai, edo beste leku batean. Ez dago esan ere beharrik ETAk Kataluniarako su-etena eman zuenean zer iskanbila sortu zen", adierazi du.
"Gu ondo atera gara"
Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan "autodeterminazioaren aldeko 120.000 bozka" lortu zituztela gogorarazi du. "14a garrantzitsua zen, gu ondo atera gara, baina orain lanerako garaia da, ardura politikoarekin jokatzeko garaia", zehaztu du. Otegik esan du, ea ze beste alderdik lortuko lituzkeen horrelako emaitzak horrelako egoera batean. "Igandean bigarren mirari bat egin genuen. Guk oinarri bat daukagu, eta argi geratu da ezker abertzalerik gabe ez dagoela herria egiterik. Horrez gain, eszisio bat aurkeztu da, eta esezisioaren porrota nabarmena izan da", zehaztu du, Aralarri erreferentzia eginez.
Nazio eztabaidaguneak gatazka gainditzeko proposamen "serioa" egingo duela azpimarratu du Otegik, eta hortik sortuko den mahaiak epe jakin batzuk izan behar dituela, hasi eta bukatu egingo den mahaia. "Euskal Stormont bat etor daiteke, eta guztiok jarri behar gara horri begira; ezker abertzaleak horri begira jarriko ditu indarrak", zehaztu du. Proposamen hori Aberri Egunaren bueltan onartua izango dela azpimarratu du Batasuneko kideak.
"Ibarretxek autonomia moral gutxi dauka"
Angel Berruetaren hilketa eta Kontxi Sanchizen heriotza dela eta, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak ez zituela kontzentrazioak deitu azpimarratu du Otegik, eta haren ustez, "Ibarretxek autonomia moral gutxi dauka guri gauzak eskatzeko". Batasuneko bozeramailearen ustez, Berruetaren hilketa ez zen kasualitatea izan, "horrelako gauzak gertatzeko egoera elikatzen ari zelako PP". Bi pertsona horien heriotza salatzeko EAJ, EA eta Aralar ez zirela izan gogoratu du, eta "Espainiako faxistekin nahastuta ibili" zirela nabarmendu. "Gu faxistekin ez gara nahastuko kaleetan, abertzaleekin bai", zehaztu du.
Ibarretxe planaren eztabaida dela eta, Arnaldo Otegik gogoratu du ezker abertzalea ez dagoela ados planarekin "gatazka gainditzeko ez duelako balio". Hala ere, eztabaida ez dutela oztopatuko nabarmendu du.
Politika
Otegi: "Madrilgo atea ireki baino lehenago, euskaldunon etxeko ateak ireki behar ditugu"
Arnaldo Otegi Batasuneko kidearen ustez, Madrilgo atea ireki aurretik, euskaldunon etxeko ateak ireki behar dira. "Goazen mahai batean esertzera autodeterminazio aldeko indarrak, eta gero joango gara Zapaterorengana hitz egitera", nabarmendu du Otegik Euskadi irratian. Bestalde, Madrileko sarraskia dela eta, Otegik adierazi du PPko Gobernua "estatu kolpe itxurako" zerbait prestatzen ari zela eta hiru neurri hartzeko bidea irekitzen ari zela: "Madrilgo atentatua ETAri leporatuta, estatu kolpe itxurako bat jarri nahi zuten indarrean hiru neurri hartuta; bata, euskal autonomia bertan behera uztea, Ertzaintza Espainiako Barne Ministerioaren esku uztea eta atxiloketak egitea, nirea tartean. Hori da niri iritsi zaidan informazioa".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu