Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidea Zuerako espetxera (Zaragoza, Espainia) mugitu dute Navalcarnerotik (Madril, Espainia). Duela gutxi Logroñokoan (Espainia) zeukaten, eta azken epaiketa zela-eta Navalcarnerora eraman zuten.
Iazko urritik dago kartzelan Otegi -lehen ere egona da-. Batasunaren Mahai Nazionala berrosatu nahi zuelakoan atzeman zuten 2009ko urriaren 13an, hainbat kiderekin batera. ETAren esanetara aritzea leporatu zieten.
Joan den martxoan Angela Murillo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak bi urteko kartzela zigorra eta hamasei urteko inhabilitazioa jarri zion, Jose Mari Sagardui Gatza euskal presoa aska zezatela eskatuz 2005eko uztailaren 9an Zornotzan egindako ekitaldian esandakoengatik. Hain justu, honako hitzetan ikusi zuen delitua Murillok: "[Euskal Herriaren eszenatoki nazional demokratikoa] euskal preso politikoei, errefuxiatuei eta borrokan utzi ditugun beste hainbat kideri zor diegu, eta lortuko dugu!". Epaiak zioen "inolako zalantzarik gabe, terrorismoa goratzen" dutela hitzok. Defentsak Gorenera joa du; beraz, epaia ez da irmoa oraindik.
Lehengo astean Otegiren aurkako beste epaiketa bat egin zuten Auzitegi Nazionalean: 2004ko azaroaren 14an Anoeta Donostiako belodromoan Batasunaren izenean egindako bake proposamenean "terrorismoa" gorestea, desobedentzia, bilkura ilegalean parte hartzea eta badaezpadako neurriak haustea egozten dizkiote. Joseba Permach eta Joseba Alvarez ezker abertzaleko kideak ere epaitu zituzten. Fiskalak hirurentzat hemezortzina hilabeteko kartzela eskatu du eta hamabina urteko inhabilitazioa. Ermuko Foroak, berriz, bosna urteko kartzela eta hogeina urteko inhabilitazioa. Defentsak, absoluzioa.
euskal presoak
Otegi, Navalcarnerotik Zuerara mugitu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu