M-11 sarraskia Madrilen

Otegi: "Nik ezin ditut sinistu Acebesek atzo esandakoak"

Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaileak ETB-2an eskaini duen elkarrizketan adierazi duenez, "sineskaitzak" egiten zaizkio Angel Acebes Espainiako Barne ministroak atzo esandakoak. "Guk atzo egia esan genuen; beste batzuk gezurra", apzimarratu du. Otegiren arabera, atentatuaren egilea ETA izango balitz, "egileen argazkiak, ez dakit nolako frogak..." erakutsiko lituzkete, "baina ez dute egin". Halaber, atentatua ETArena balitz "dudarik gabe, argi eta garbi gaitzetsi egingo" lukeela esan du, eta Espainiako gizarteari ohartarazi dio haien Gobernuak "gezurra" esaten diela.

2004ko martxoaren 12a
11:50
Entzun
Arnaldo Otegiren esanetan, Espainiako Gobernuak ez du argibiderik emango igande gaueko 21:00ak iritsi arte, hau da, hauteskundeetan bozkak emateko ordua pasatu arte. Otegik bi gauza utzi nahi izan ditu argi: "Bata, atentatua ETArena balitz berdin gaitzetsiko luketela, dudarik gabe; bigarrena, Madilgo biztanleriari eta oro har Espainiako gizarteari, gure elkartasuna adierazi nahi diegu, baina argi esan nahi diet, haien Gobernuak gezurra esaten diela, bai ETAri buruz hitz egiterakoa, bai Batasunari buruz hitz egiterakoan, eta baita beste kasu askotan ere", argitu du Otegik.

Batasuneko bozeramailearen arabera, "terrorismoa atzo gertatutakoa" da. "Hori ez dute lau burugabek egin, eta nik gogor gaitzesten dut atzoko ekintza", zehaztu du. Otegik argitu nahi izan du "auziak hitz egiten konpontzen" direla, "bai hemen, bai Iraken eta bai Palestinan". "Edo mahai batean esertzen gara, edota horrelako gauzak gertatuko dira munduan".

Otegik zehaztu du kazetarien galderei erantzunez ETAk ez diela ezer komunikatu. "Guk tesi bat planteatu genuen, eta besteek beste bat. Guk gauzak gaizki egin ditzakegu, hanka sar dezakegu, baina ez dugu gezurrik esaten", nabarmendu du. Otegik esan du "zaila" egiten zaiola 200 hildako mahai gainean daudenean balorazio politikoak egitea, baina gauza bat argitu nahi izan du: "Hemen gatazka konpondu beharra dago. Ados jarri behar dugu abertzaleok, eta abertzaleak ez garenok".

Batasuneko bozeramailea "ziur" dago Europako hainbat herrialde negoziatzen ari direla talde islamiarrekin haien lurraldeetan atentaturik ez gertatzeko.

Alemaniako 'ARD' telebistan esandakoak

Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaileak Alemaniako 'ARD' telebistan eskainitako elkarrizketan berretsi egin du ETA ez dela izan Madrilgo atentatuen erantzulea eta adierazi du Espainiako Estatuak hori badakiela. "Espainiako estatuak badaki ETA ez dela izan", nabarmendu du Otegik. Halaber, Espainiako Gobernua "gezurretan" ari dela azpimarratu du.

"Espainiako Estatua gezurra esaten ari da Irakeko gerraren ondoren etorritako erasoa izan daitekeen hipotesia baztertzen duenean", adierazi du 'ARD' telebista kateari eskainitako elkarrizketan. Otegiren esanetan, "Estatuak badaki" ETA ez dagoela atentatu horien atzean.

Arnaldo Otegik berretsi egin ditu atzo esandako hitzak, eta Batasunak atzoko atentatua "gaitzetsi" egiten duela azpimarratu du, "ETAk egindakoak baldin badira ere". "Berriz diot, ETAk sekula ez du zibilen kontrako atentaturik egin, eta are gutxiago langileez hizketan ari bagara", zehaztu du.

Halaber, Al Kaeda erakundearen eta ETAren artean harremanik egon daitekeenaren hipotesia "erabat" baztertzen duela esan du, "integrismo islamikoak ez baitu zerikusirik ETArekin".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.