2004ko azaroaren 14ko ekitaldian hurrengo urteetan bake eta konponbiderako negoziazio prozesu bat erraztuko zuen Orain herria, orain bakea aurkeztu zuen Batasunak, bi mahaiko metodologian oinarrituta. Bakerako proposamentzat hartua izan zen biharamunean hedabide gehienetan, eta hamabost egun iraganarte ez zen ekinbiderik hasi ekitaldiagatik. Auzitegi Nazionalak, 2005ean, auzia bere gain hartu zuen, hiru inputatuek Eusko Legebiltzarreko kide izatearen foroa galdu zutenean, baina 2006ko su-etenak iraun zuen bitartean ez zuen auzia mugitu. Hiru inputatuei deklarazioa hartu ondoren,ahozko epaiketa egitea erabaki zuen Auzitegi Nazionalak, 2009ko urrian. Epaiketa azaroaren 11n eta 12an egin zuten Madrilen, eta han lekuko bezala deklaratu zuten, besteak beste, Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak, Gorka Landaburu kazetariak eta Anoetako ekitaldia jarraitu zuten hainbat kazetarik. Fiskalak eta herri akusazioak zigor eskaerari eutsi zioten, eta defentsak hiruren absoluzioa eskatu zuen.
Epaimahaiak argi utzi du ez zegoela nahiko frogarik Arnaldo Otegiren, Joseba Permachen eta Joseba Alvarezen kontrako akusazioak berresteko eta, ondorioz, zigortu ahal izateko. Halaber, epaimahaiak epaian nabarmendu terrorismoaren goratze delitua egotzi ahal izateko «jarrera aktibo bat» ezinbestekoa dela eta auzi honetan horrelakorik ez dela ageri. Epaimahaiaren esanetan, epaiketan aurkeztutako frogak «ez du balio gertaeren beste bertsio posible batzuk baztertzeko, akusatuek ekarritakoa esaterako. Hori dela eta, tribunal honek ezin du froga hori dudarik gabekotzat jo, zalantzarako nahiko tartea eta arrazoizkoa uzten duelako akusatuen inplikazioari buruz, in dubio pro reo printzipioaren erabilera zuzenaren barnean».
Akusazioek, funtsean, ETAko kide hildakoen argazkiekin lotutako antolaketan eta Zutabe aldizkariaren banaketan parte hartzea egotzi zieten akusatuei. Baina tribunalaren ustez ezin da horrelako ondoriora iritsi. Gainera, gogora ekarri du Auzitegi Gorenak argiro zehaztu duela zein diren terrorismoa goratzeko delituaren elementuak: «Goratu edo justifikatzen duten hitzak edo ekintzak izatea». Auzitegi Gorenaren jurisprudentziaren arabera, defentsak epaiketan nabarmendu zuenez, delitu honen ezaugarrietako bat «jarrera aktiboa» egotea da. Epaimahaiak gogora ekarri duenez, omisio bidez egin ezin daitekeen delitua da, eta jarduera jakin bat eta nahita egitea eskatzen ditu, eta, ordea, «horrelakorik ez da egiaztatu akusatuen jokabidean».
Perituen txostenak
Epaimahaiaren iritziz, akusazioen «oinarri bakarra» Guardia Zibilaren txostenak dira, «lekukoek ez baitzuten interesa duen daturik ekarri», ez ekitaldia jarraitu zuten kazetariek, ez guardia zibilek edo ertzainek, ez gainerakoek ere. Guardia Zibilaren txostenetan, Anoetako ekitaldian gertatu zen guztia akusatuen onespenarekin jaso zela argudiatu zuten egileek, baina, epaiaren arabera, «ez da nahiko azaltzen, ez dute daturik aurkezten halako akusazioari eusteko». Tribunalak dio ezin direla peritu txostentzat hartu, «ez direlako osatu tribunal honek ez daukan ezagutza tekniko, zientifiko, artistiko edo praktikoekin». Txosten horiek, epaiaren arabera, «dedukzio hutsak» jasotzen dituzte, eta zeregin hori soilik tribunalari dagokio.
Aztertutako frogak ikusita, «ez dago datu bat bera ere akusatuak ekitaldiaren diseinuarekin lotu ahal izateko», nabarmendu dute epaimahaikideek. Are gehiago, lekuko batzuen deklarazioak kontrakoa adierazi zuen. Zehazki, Sergio Lazkano, Iñigo Balda edo Jesus Barreiro Donostiako udal patronatuaren zuzendariaren lekukotasunak aipatu ditu tribunalak epaian.
Horrela, Joseba Alvarezen kasuan, haren defentsak argudiatu zuen epaiketan Anoetako belodromoa alokatzeko kontratuan jasotzen zen «sustatzailea» hitzak ez zuela adierazi nahi ekitaldiaren «antolatzailea» zenik. Argudioa bere egin du tribunalak, besteak beste, Jesus Barreiroren lekukotasuna kontuan hartuta. Joseba Alvarezek sinatu zuen kontratua eredu bat zela onartu du epaimahaiak. «Ez dago daturik sustatzailea lotzeko antolatzailearekin», ondorioztatu du. Tribunalaren ondorio orokorra sendoa da: «Ez da egiaztatu akusatuen aldetik ezein 'ekintza material' edo 'borondatezko akordio' Anoetako belodromoan egindako ekitaldi politikoa diseinatu edo programatzera bideratuta». Ondorioz, ezin zaie akusatuei leporatu hildakoen argazkien erakustaldiaren agindua, eta nola goratze delituaren kasuan omisio bidez ezin denez egin, absoluzioa ebatzi beharra ondorioztatu du tribunalak.
Otegiren hitzaldia
Epaiaren amaieran Arnaldo Otegik Anoetako ekitaldian egin zuen hitzaldia ere aipagai du tribunalak, atzo jakinarazitako epaian. Hitzaldian «gatazka era baketsu eta demokratikoan konpontzeko elkarrizketa eta negoziazio prozesu baten beharra eta komenigarritasuna jorratzen dira». Epaimahaiaren ustez, Arnaldo Otegiren hitzaldian ez dago ETAren indarkeriaren edo bere kideen goratzerik edo justifikaziorik. Epaian, bestalde, ez dago Otegik epaiketan egin zituen adierazpen politikoen aipamenik.
Azkenik, herri akusazioa bide berezi bat erabiltzen saiatu zen akusatuen zigorra lortzeko, baina aukera hori ere baztertu du epaimahaiak. Zigor Kodearen 31. artikulua baliatuz, Batasunaren buruzagi izateagatik Batasunari egotzitako ekitaldi horren antolakuntzaren ardura egotzi nahi izan zien herri akusazioak hiru inputatuei. Baina zeharkako bide hori ezinezkoa da tribunalaren ustez, besteak beste, kasu honetan, ez dagoelako pertsona juridikorik, hain zuen, Batasuna legez kanpo dagoelako.
Epaia ez da oraindik irmoa, eta aldeek bost eguneko epea dute-azken jakinarazpenaren egunetik aurrera kontatuta- kasazio helegitea aurkezteko Auzitegi Gorenean.
Auzitegi Nazionalak lau aldiz baztertu du Otegi aske uztea
Arnaldo Otegi behin-behinean ez duela askatuko lau aldiz esana du Espainiako Auzitegi Nazionalak; azken hilabetean, bi aldiz. Behin-behinean dago kartzelan, iazko urrian atxilotu zutenetik. Haren defentsak eskatu du hura askatzeko. Azaroan, egoera politikoa aintzat hartuta egin zuen eskaria; ezetz erantzun zuen epaileak, auzitegiak ez dezakeelakoan aintzat hartu egoera politikoa. Azken saioan, Karmelo Landa askatzeko erabakia gogorarazi zuen abokatuak, eta ihes egiteko arriskurik ez dagoela adierazi. Epaileak erantzun, Landaren kasua ez dela Otegirena, eta lehen askatu zutenean Espainiatik atera zela. Otegik bi auzi ditu epaitzeko: 35/02 (herriko tabernei buruzkoa) eta Bateraguneri dagokiona. Bi auzietan du espetxeratze agindua. Izatez, azken urteetan baldintzapean egon izan da Otegi, izan espetxean edo kalean. Kasu deigarriena 2006an izan zen, ETAren su-eten aldian; aske zen, eta menia hautsi eta hiru egunera hartu zuten preso. Askatu, eta 2007an atxilotu zuten, zigorra betearazteko. 2008ko abuztuan atera zen berriz. Iazko urrian atzeman zuten, LABen egoitzan bilduta zegoela.Otegi aska dezaten eskatzeko ekimena sortu dute Galizian
Arnaldo Otegi askatzearen aldeko plataforma bat aurkeztu zuten atzo arratsean Lugon, Galizian. Sustatzaileen arabera, bakea lortzearen alde lanean ari da Otegi. «Urte luzez egin du borroka, bitarteko politikoak erabiliz konponbide demokratikoa lortzeko». Uste dute garai politiko berrian kalean behar lukeela. «Otegi espetxean izatea Euskal Herriari lider nagusietako bat kentzea da, prozesu historiko honetan ekarpen gehien egin dezakeen bat». Hainbat lagunek sinatu dute agiria: Xose Manuel Beirasek (BNG), Doris Benegasek, Xose Luis Mendez idazleak eta Adolfo Perez Esquivel Nobel saridunak... Elgoibarren beste ekimen bat antolatu dute: hilaren 17an, Logroñoko kartzelara joango dira. Han dago Otegi.@sarean
Interneten ere oihartzun zabala du Otegi aske uztearen aldeko aldarriak.www.arnaldotegi.com. Hura askatzearen aldeko ekimenak biltzen ditu.
twitter.com/ArnaldoOtegi.Twitter bidez zabaltzen dute haren berri.
www.facebook.com/pages/ 8719600510/163381440341057.