poliTIKA

Otegi, Permach eta Alvarez absolbituak

2004an Anoetako belodromoko ekitaldian indarkeria goraipatu zutelakoan epaitu zituzten ezker abertzaleko kideak duela aste batzuk Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskalak hemezortzina hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen.

2010eko abenduaren 9a
16:14
Entzun
Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Joseba Alvarez ezker abertzaleko kideak absolbitu egin ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak Anoetako belodromoko ekitaldiagatik. Gaur 13:45 aldera jakinarazi du epaia. Fernando Garcia Nicolas, Angel Hurtado eta Julio de Diego izan dira epaiketako epaileak -epaimahaiburua, aurrena-, eta haiek diote "zalantza handiak" dituztela Otegi, Permach eta Alvarez izan ote ziren euskal presoen argazkiak erakustearen erantzuleak.

Halaber, epaileeren arabera, ekitaldian "gatazka gainditzeko elkarrizketan eta negoziazioan oinarritutako diskurtso politikoa" egin zuen Otegik. Guardia Zibilak auzian egindako ikerketa salatu dute, bide batez.

2004ko azaroaren 14an Batasunak Donostiako belodromoan egindako bake proposamenaren ekitaldian "terrorismoa goretsi" zutelakoan epaitu zituzten joan den azaroaren 11n eta 12an Auzitegi Nazionalean, presoen argazkiak eta ETAren aldeko oihuak izan zirela argudiatuta.

Fiskalak hemezortzina hilabeteko espetxe zigorra eta hamabina urteko inhabilitazioa eskatu zuen hiru auzipetuentzat. Ermuko Foroa herri akusaziok bosna urteko kartzela zigorra eta hogeina urteko inhabilitazioa. Desobedentzia, bilkura ilegalean parte hartzea eta badaezpadako neurriak haustea ere egotzi zieten.

Defentsak absoluzioa eskatu zuen. "Konponbide eta bake proposamena aurkeztea bazen helburua, beste aukerak baztertu beharrekoak dira. Mitin batean hizlariak ez du jakiten zer gertatuko den ekitaldi osoan", adierazi zuen Jone Goirizelaia abokatuak. Honek zioen egunkarietako artikuluetan eta telebistako bideoetan oinarritutako txostenak ezin direla izan froga perizial; "hori onartzea iruzur prozesala izango litzateke". Iñigo Iruin defentsa abokatuak azaldu zuen Anoetako pantailan hildako lagunen argazkiak-eta agertzean ustez izan ziren oihu gutxiak ezin direla lotu "apologia eta goratzearekin".

Auzipetuek, bakearen aldeko deklarazioak

Otegi, Permach eta Alvarez auzipetuek azaroaren 11n deklaratu zuten, eta azpimarratu zuten 2004an bake proposamena aurkeztu zuela Batasunak eta ekitaldian ez zela ETA goretsi. "Espainiako Gobernuak erantzun egin zion gure bake proposamenari", adierazi zuen Otegik lehen egunean. Permachek 2004ko proposamenaren balioa azpimarratu zuen: "Anoetatik pasatu izan ez bagina agian ez ginateke egongo Gernikako Akordioaren printzipioetan". Alvarezek gogoratu zuen ekitaldiko bideoetan ez zela ETAren anagramarik agertu. Azaroaren 12an azken hitza hartzean, berriz, Otegik: "Argi eta garbi berresten dut bide politikoen aldeko apustua egin dugula. Errefusatu egiten dugu indarkeria erabiltzea proiektu politiko bat inposatzeko”.

Herri akusazioaren lekuko ertzain eta guardia zibilek epaiketan onartu zuten ez zutela auzipetuen aurkako frogarik, eta Anoetako ekitaldian ez zela ETAren anagramarik eta izenik izan. Peritu bezala aritu ziren guardia zibilek deklaratu zuten ez zutela ETAren ikurrik ikusi. Ekitaldiko burua Otegi zela nabarmentzera mugatzen ziren, batik bat.

ELA, LAB, Aralar, EA, Alternatiba eta ezker abertzaleko kideak Madrilen izan ziren, auzipetuei babesa ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.