Espainiako Auzitegi Nazionalak azaroaren 11n epaituko ditu Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Joseba Alvarez ezker abertzaleko kideak, 2004ko azaroaren 14an Anoeta Donostiako belodromoan Batasunaren izenean egindako bake proposamenagatik. "Terrorismoa" gorestea, desobedentzia, bilkura ilegalean parte hartzea eta badaezpadako neurriak haustea egozten diete.
Fiskalak hirurentzat hemezortzina hilabeteko kartzela eskatzen du eta hamabina urteko inhabilitazioa. Ermuko Foroak, berriz, bosna urteko kartzela eta hogeina urteko inhabilitazioa.
Hamabost mila lagun izan ziren 2004ko ekitaldi hartan, eta Batasunak bake prozesurako bi mahaiak eratzeko proposamena egin zuen.
Preso daukate Otegi
Otegi iazko urritik preso daukate -lehengo larunbatetik Navalcarnero Madrilgo espetxean-. Batasunaren Mahai Nazionala berrosatu nahi zuelakoan atzeman zuten gaur urtebete. Permach eta Alvarez ere atxilotu egin zituzten duela hiru urte -aurrena Batasunaren Mahai Nazionalaren bilera bat bukatu ondotik, bigarrena euskal presoen eskubideen aldeko manifestazio baten ondoren-, eta biak kalean daude egun, baldintzapean.
Joan den martxoan, berriz, Angela Murillo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak bi urteko kartzela zigorra eta hamasei urteko inhabilitazioa jarri zion Otegiri, Jose Mari Sagardui Gatza euskal presoa aska zezatela eskatuz 2005eko uztailaren 9an Zornotzan egindako ekitaldian esandakoengatik. Hain justu, honako hitzetan ikusi zuen delitua Murillok: "[Euskal Herriaren eszenatoki nazional demokratikoa] euskal preso politikoei, errefuxiatuei eta borrokan utzi ditugun beste hainbat kideri zor diegu, eta lortuko dugu!". Epaiak zioen "inolako zalantzarik gabe, terrorismoa goratzen" dutela hitzok.
politika
Otegi, Permach eta Alvarez azaroaren 11n epaituko dituzte Anoetako proposamenagatik
"Terrorismoa" gorestea edota desobedentzia egozten diete ezker abertzaleko kideei. Fiskalak hemezortzina hileko kartzela eskatzen du, Ermuko Foroak bosna urtekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu