"[ETAko kideen] omenaldirik izan al zen?", galdetu dio defentsa abokatuak Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideari 2004an Batasunak Anoetan egindako bake proposamenaren ekitaldiagatik, fiskalak eta herri akusazioak "terrorismoa gorestea" egozten dietelako auzipetuei. "Nik dakidanez, ez. Helburua ez zen hori. Kontestu berezian gertatu zen ekitaldia. Kontaktuak zeuden. Aro berri bat. Garrantzitsua zen", erantzun du Otegik, eta ondoren gogoratu du Batasunaren proposamen hark erantzun garrantzitsu bat jaso zuela. "Espainiako Gobernuak erantzun egin zion gure bake proposamenari".
Defentsak ezker abertzaleko kideari galdetu dio Anoetakoa ETAren proposamen baten gaurkotzea ote zen. Otegik ihardetsi dio KAS Alternatiba eta Alternatiba Demokratikoa ETAk aurkeztu zituela, ez Batasunak, eta Anoetako proposamena Batasunak aurkeztu zuela.
Ordu laurdenez mintzatu da Otegi, eta defentsaren galderei baizik ez die erantzun. Ondoren, 13:15ean, Joseba Permach hasi da hizketan, eta honek ere berretsi du Anoetako ekitaldiaren xedea bake proposamena aurkeztea zela. "Bi egun lehenago Ajuria Enean egon ginen [Juan Jose Ibarretxe] lehendakariari proposamena aurkezten".
Permachek 2004ko proposamena goretsi du. "Anoetatik pasatu izan ez bagina agian ez ginateke egongo Gernikako Akordioaren printzipioetan". Hura ere defentsaren itaunak soilik ari da erantzuten, ordu laurdenez.
Otegik eta biek azaldu dute ekitaldiaren antolaketan ez zutela parte hartu. Joseba Alvarezek eman ditu antolaketari buruzko azalpenak, bere garaian Donostiako zinegotzi izan zelako haiek baino aukera hobea zuelako lan horietarako. 13:30ean hasi da deklaratzen -defentsari soilik erantzun dio-, eta Belodromoa ohiko pausoak segituta alokatu zutela esan du, beste kasuetan aretoak alokatu izan diren modu berean. Hark ere azpimarratu du bake proposamen bat zela ekitaldiaren mamia, ez ETAren goratzea. "Han agertu ziren bideoetan ez zen ETAren anagramarik edo izenik izan. Hitzaldietan ere ez zen aipatu ETA, eta bideoetan jendearen argazkiak izen-abizenik gabe zeuden". 13:55etan amaitu du deklarazioa.
Lehen lekukoen txanda
Auzipetuen ondoren iritsi da epaiketako lehen lekukoen txanda: herri akusazioarenak. Jesus Barreiro Donostiako udal patronatuaren kudeatzaileak zehaztu du belodromoa alokatzeko kontratu eredua ohikoa izan zela. Iñigo Balda Donostiako ezker abertzaleko hautetsi ohiak aitortu du berak egin zuela eraikina alokatzeko gestioa, eta kontratua Alvarezen izenean joan zela. Baldak esan du du belodromoan ez zuela burua estalita zeukan inor ikusi. Olatz Barriuso, Marcos Iriondo eta Angeles Escriva kazetariak ere mintzatu dira -ekitaldian izan ziren euren lana egiten-, eta haiek ere esan dute ez zutela kaputxadunik ikusi.
Ertzainak eta guardia zibilak frogarik gabe
Epaimahaiak 14:45ean eten egin du saioa. 16:55etan ekin diote berriro. Ertzain eta guardia zibil lekukoak ari dira, bideokonferentziaz. Ertzain batzuek aitortu dute ez zirela belodromoan egon, telebistaz ikusi zutela laburpena eta ezin dituztela oihuak-eta nolakoak izan ziren zehaztu. Areto barruan egondako ertzainek ez zuten ETAren Zutabe aldizkaririk hartu, bai Zuzen bat, baina ez zuten inor identifikatu.
Belodromoan izandako guardia zibilek aipatu dute Zutabe ale batzuk banatu zituztela hainbat lagunek, baina ezin izan zutela esku-hartu, "hamabost mila pertsona baitzeuden belodromoan". Azpimarratu dute Otegi izan zela ekitaldi hartako burua, baina onartu dute ez daukatela daturik ekitaldiaren garapena Alvarezek antolatu zuela frogatzeko, eta ekitaldian ez zela ETAren anagramarik eta izenik izan.
18:00etan bukatu da gaurko saioa, eta bihar jarraituko du epaiketak, 10:30ean.
Epaiketa, gaur eta bihar
Hain justu, gaur hasi da Espainiako Auzitegi Nazionala Otegi, Joseba Permach eta Joseba Alvarez ezker abertzaleko kideak epaitzen, 2004ko azaroaren 14an Batasunak Donostiako Anoeta belodromoan egin zuen ekitaldian terrorismoa goratzea leporatuta.
Fiskalak hemezortzina hilabeteko espetxe zigorra eta hamabina urteko inhabilitazioa eskatu du hiru haientzat, eta Ermuko Foroak, herri akusazio gisa aurkeztua, bosna urteko espetxe zigorra eta hogeina urteko inhabilitazioa. Desobedentzia, bilkura ilegalean parte hartzea eta badaezpadako neurriak haustea egozten dizkiete.
Defentsak proposamen haren azalpena PSOErekin hitzartuta zegoela argudiatuko dute. "Proposamen hura posible izan zedin ezker abertzalearen eta PSOEren artean hainbat elkarrizketa eta akordio izan ziren beharrezkoak, orduan publikoak ez ziren elkarrizketak, eta horiek egin zuten posible Anoetako belodromoko ekitaldia".
Jesus Egiguren, bihar
Horren lekuko, bihar Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak deklaratuko du epaiketan defentsak eskatuta.
Teresa Sandoval fiskalak legez kanpoko ekitaldia zela argudiatzen du, legez kanpoko alderdi batek deitua eta legez kanpoko bozeramaile bat zuena: Batasunak. Gainera, belodromoan Batasunaren kartelak zeudela dio, baita hainbat bandera eta Batasunaren logoa oholtzan ere. Hainbat atxiloketa, ETAren agiri eta presoen aldeko elkarretaratzeen irudiak zituen bideo bat ere eskaini zutela dio. Ermuko Foroak Batasunarentzat diru biltzeko ekitaldia zela salatu du.
Fernando Garcia Nicolas, Angel Hurtado eta Julio de Diego dira epaiketako epaileak. Aurrena da epaimahaiburua.
Batasuna-ren 2004-ko proposamenaren aurkako epaiketa
Otegi, Permach eta Alvarezek diote Anoetan bake proposamena aurkeztu zuela Batasunak eta ez zela ETA goretsi
Gaur hasi da Espainiako Auzitegi Nazionalean Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Joseba Alvarez ezker abertzaleko kiden aurkako epaiketa, 2004an Batasunak Anoetan egindako bake proposamenaren ekitaldian "terrorismoa goretsi" zutelakoan. Otegi: "Espainiako Gobernuak erantzun egin zion gure bake proposamenari". "Anoetatik pasatu izan ez bagina agian ez ginateke egongo Gernikako Akordioaren printzipioetan", adierazi du Permachek. Alvarezek gogoratu du ekitaldiko bideoetan ez zela ETAren anagramarik agertu. Ertzain eta guardia zibilek onartu dute ez dutela auzipetuen aurkako frogarik. Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak bihar deklaratuko du. Fiskaltzak hemezortzina hileko espetxea eskatzen du hiru auzipetuentzat, eta Ermuko Foroak bosna urtekoa. Bihar segituko du epaiketak, 10:30ean. BERRIA.INFOk zuzenean kontatu du gaurko saioa; bihar ere egingo du kontaketa auzitegitik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu