Espainiako Auzitegi Nazionalak ezezkoa eman dio Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagia aske uzteko eskatuz haren abokatu Jone Goirizelaiak egindako eskaerari. Egoera politikoa aintzat hartuta eskatu zuen abokatuak Otegi askatzeko, baina Angela Murillo buru duen epaimahaiak ez du horrelako arrazoirik ikusi. Areago, «oportunista» izatea ere egotzi dio. Auzitegi Nazionaleko epaileek «independentzia osoz» jarduten dutela esan du epaimahaiak eta, beraz, egoera politikoak ez duela, «inolaz», epaileen erabakirik baldintzatuko. Edozein kasutan, Otegi aske uzteak «bake sozialari eta askatasun publikoei» eragingo liekeela ere esan du.
Iazko urriaren 13an atxilotu zuten Otegi ezker abertzaleko beste hainbat kiderekin bileran zela, Batasunaren Mahai Nazionala berrosatzen saiatzea egotzita. Bateragunen ETAren esanetara aritzea egotzi zioten. Goirizelaiaren esanetan, azkenaldiko gertaera politikoek erakusten dute ezker abertzaleko kideek ez zutela zerikusirik ETArekin. Gernikako Akordioan ezker abertzaleak ETAri su-etena eskatu ziola jarri zuen adibide.
Auzitegi Nazionalak, ordea, egoera politikoa presoa askatzeko eskatzeko baliatzea gaitzetsi du, eta esan du argudio horrek ez duela balio «terrorismo delitua egin duela adierazten duten zantzu larriak» dituen auzipetua askatzeko. Auzitegiak erabakiak legearen menpe hartzen dituela adierazi du, eta ezin duela egoeraren eraginpean jardun.
Auzi berean atxilotu beste kide asko aske daude. Rafa Diez LABeko idazkari nagusi ohia, esaterako, ama zaintzeko beharra zuelako askatu zuten. Otegik ere gaixo duen aita zaindu behar duela argudiatuta askatzeko eskatu zuen bai martxoan, bai uztailean, baina auzitegiak atzera bota zituen, orduan ere eskaerak. Horri lotuta, bakoitzaren egoerak desberdinak direla argudiatu du oraingoan ere. Bateragune auziaren instrukzio fasea irailean eman zuen bukatutzat Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak, eta zortzi kide jarri zituen epaiketaren zain.
Eta ez da hori Auzitegi Nazionalak Otegiren aurka duen auzi bakarra. Aurten bi urteko zigorra jarri dio Europa osoan preso denbora gehien daraman Jose Mari Sagardui Gatza aske uzteko eskatuz 2005ean egindako ekitaldi batetan parte hartzegatik. Datorren asteko ostegunean berriro epaituko dute, 2004ko azaroaren 14an Anoetako Proposamena egiteagatik. Herriko tabernen aurkako 35/02 auzian ere auzipetuta dute, epaiketa zain.
Bien bitartean, Otegi aske uzteko eskatuz hainbat kanpaina abiatzen ari dira azken asteetan. Arnaldo Askatu, Politika Askatu plataforma, esaterako, argazkien bidez ari da babesak biltzen. Aralarrek, «normalizazioaren aldeko apustua egin», eta Otegi askatzeko eskatu zion atzo «Estatuari».
Otegi preso mantentzea erabaki du auzitegiak
Auzitegi Nazionalak ez dituela erabakiak egoera politikoen arabera hartzen argudiatu du eskaria atzera botatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu