Politika

Otegi: "Zortzi urte galdu ditugu, bukle batean dagoen bizikleta estatikoan gaudelako"

EH Bilduk iragarri du Jasone Agirre EH Bilduren proiektua “indartzeko” etorri dela. Agirrek adierazi du “herri justu, libre eta zoriontsu baten alde” lan egingo duela .

Jasone Agirre, Arnaldo Otegi eta Miren Larrion, gaur Bilbon egin duten agerraldian. ARGAZKI PRESS
2016ko abuztuaren 8a
13:09
Entzun

EH Bilduk aurkeztuak ditu dagoeneko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako hiru zerrendaburuak. Araba eta Gipuzkoako zerrendaburuak aurkeztu ondoren —Miren Larrion eta Arnaldo Otegi, hurrenez hurren—, gaur Bizkaiko zerrendaburua aurkeztu dute: Jasone Agirre Garitaonandia. Larrion eta Otegirekin batera agertu da Agirre aurkezpen prentsaurrekoan, Bilbon.

Agirre LABeko ordezkari izana da EITBko batzordean, eta bertako Erredakzio Kontseiluaren sortzaileetako bat izan zen. Horrez gain, Durangaldekoa izanik, parte hartu du bertako euskal kulturaren inguruko mugimenduetan; besteak beste, Gerediaga Elkartean eta Anboto Komunikabideetan. Nabarmendu duenez, ez du inoiz ezein alderditan militatu. EH Bilduren izenean lan egingo du, baina “herritar guztientzat”: “Ez zait gustatzen politika ikuskizun modura ikustea; kazetari eta euskal herritar moduan ahal dudana egingo dut”. Agirrek azaldu du 25 urte daramatzala “jendea entzuten eta ulertzen ikasten, emakume, langile, kazetari eta euskaldun” gisa. “Oso jende desberdina ezagutu dut, eta ahalegin horrek gizartearen errealitate hurbila ezagutzen lagundu dit”. Orain, legebiltzarrean “herritar eta erakundeen arteko transmisioaren alde” lan egingo du, herri “justu, libre eta zoriontsu” baten alde.

Otegik ere hitza hartu du, eta argi utzi independentismoa “irabaztera” aterako dela hauteskunde lehian, eta “lasai” aurkeztuko direla: “Ezkerretik eta independentismotik Euskal Herria martxan jartzea posible da. Bi legegintzaldi galdu dira, eta pizgarri politiko, sozial eta ekonomikoak behar ditugu. Horretarako, jende sendoa eta programa sendoa dugu guk”, aldarrikatu du Gipuzkoako zerrendaburuak. “Zortzi urte galdu ditugu, bukle batean dagoen bizikleta estatiko batean gaudelako. Baina posible da beste mota bateko herria eta gizartea sortu eta eraikitzea”. Otegik nabarmendu du “printzipio eta balioetan” oinarritutako programa bat behar dela gizarte “alternatibo bat” sortzeko: “Larrionek eta haren taldeak Gasteizen eginikoa oso balio interesgarria da. Alegia, bigarren indarrak hirugarren indarrari alkatetza ematea alkate xenofobo bat kaleratzeko”. Larrionek esan du Eusko Legebiltzarrera eraman nahi duten eredua Gasteizen aldaketa ahalbidetutako hori dela: “Hauteskundeen aurretik, herri mugimendu zabal bat egon zen, arlo guztietako eta kolore guztietako pertsonak batu zituena. Horiek ahalbidetu zuten, azken batean, Gasteizen izaniko aldaketa”. Adierazi du “alderdien siglen gainetik” jarri nahi dituztela herritarren interesak.

Agirreri buruz, Otegik azpimarratu du arlo sindikal eta kulturalean aritutako emakume bat dela: “Kulturak herri honetako eztabaida politikoaren parte izan behar du”. Eztabaida politikoa “maila onean” jartzeko asmoa agertu du, orain “oso maila baxuan” dagoelako. Bere balizko inhabilitazioaren inguruan galdetuta, Otegik argi esan du: “Eztabaida hori ez da garrantzitsua. Kontua da nola den posible eztabaida hori izatea. Zer estatu klasek uka diezaioke herritar bati hauteskundeetara aurkeztea? Noiz arte esango digute nor aurkez daitekeen eta nor ez?”. Otegik argitu du ez dutela aurreikusten bere inhabilitazioa, juridikoki “oso zaila” baita. “Obedientzia zor diot herriari, eta herriak epaituko nau”, adierazi du.

Bestalde, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hauteskundeak aurreratzearen harira, Otegik esan du “zintzotasuna” behar dela, eta EAJk hauteskundeen aurretik argitu beharko lukeela “PPri babesa emango dion ala ez” Espainiako Gobernua sortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.