Politika

Otegi:"Joan den astean baino askoz hobeto gaude baina arriskuak ez dira desagertu"

Bost mila lagun inguru bildu dira gaur eguerdian Durangoko Landakon. LABek deituta =iErasorik ez. Konponbide demokratikoa orain!=i lelopean manifestazioa egin dute eta ondoren ekitaldia. Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak, Ainhoa Etxaide idazkariordeak eta Arnaldo Otegi Batasuneko kideak hartu dute hitza. Prozesuari begira egoera joan den astean baino hobea dela nabarmendu du Otegik. Hala ere, oraindik arriskuak daudela ohartarazi du. Hori dela-eta, eragile guztiei "konpromiso gehiago eta errepresio gutxiago" eskatu die.

2006ko ekainaren 3a
16:50
Entzun
"Egoeraren larritasunak" gizartearen erantzuna behar duela-eta, Erasorik ez. Konponbide demokratikoa orain! lelopean manifestazioa egin dute eguerdian mila lagun inguruk Durangon (Bizkaia). Hauteskunde sindikalak iristear direla-eta, egun osoko ekitaldia antolatua zuen LABek. Prozesuri oztopoak jartzearen aurkako oihuak, euskal presoen aldekoak eta Euskal Herriarentzat demokrazia eskatzen zutenak izan dira nagusi ibilbidean zehar.

Manifestazioa amaitzean ekitaldia egin dute Landakon. Bertan, Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak, Ainhoa Etxaide idazkariordeak eta Batasuneko Arnaldo Otegik hitz egin dute. Otegiren hitzetan prozesuak bizi duen egoera oraindik larria bada ere "aurreko asteetan baino hobeto gaude".

Otegik azaldu duenez, joan den astean "egoera larria" zela zioetenean ez zen Batasuneko zortzi mahaikidek Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu behar zutelako soilik: "Errespetatuak ez ginelako baizik". Batasuneko mahaikideak azaldu duenez, horrek esan nahi zuen ez zeudela prest Euskal Herria errepetatzeko. Gaur egoera hobeto dagoela azaldu du baina oraindik arriskuak daudela ohartarazi du.

PSE-EEk egindako adierazpenak begi onez hartu ditu Arnaldo Otegik. Joan den asteartean PSE-EEk ezker abertzalearekin bilera egingo duela iragarri zuen Patxi Lopez alderdiko buruak. Batasuneko kidearen ustez, "elkarrizketa politikoa beharrezkoa dela onartzen dutelako".

Konpromiso gehiago

Hala ere, konpromisoen beharra nabarmendu du eta eragileei guztiei "konpromiso gehiago eta errepresio gutxiago" eskatu die. Besteak beste, Espainiako Auzitegi Nazionaletik datozen erasoak eta Ertzaintzak gazteekiko duen jarrera aipatu ditu.

LABeko idazkari nagusi Rafa Diezek ildo beretik jarraitu du eta nabarmendu du prozesuan aurrea egin ahala arrisku berriak agertuko direla. Gizarteak jarrera aktiboa izan behar duela azpimarratu du eta alderdi politikoek ezezik, sindikatuek eta gizarte eragileek ere lan egin behar dutela.

Sozialismoa Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko ahalmena badu soilik eskuratuko dela azpimarratu du LABeko idazkari nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.