Otegi Gasteizera joatea nahi du EH Bilduk, "lantaldean haren hausnarketak entzun ahal izateko". Eta hori posible ez balitz, lantaldearen ordezkaritza bat Logroñoko (Espainia) espetxera joatea eskatu du. Hasier Arraiz legebiltzarkideak erregistratu du eskaera. EAJk eta PSE-EEk erabakitzeko eskubidearekiko duten jarrera salatu du Arraizek: "Eztabaida soziala izozteko sekulako tentazioa dute, eta EH Bilduk ez du onartuko legebiltzarra izozkailu gisa erabiltzea, eztabaida soziala hozteko eta pasatzen uzteko". 2015 hasieran lantaldea hurrengo fasera igaroko dela espero du Arraizek.
Beste sei lagunek ere parte hartzea eskatu du koalizioak: Carme Forcadell ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko kideak, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak, Daniel Turp Quebeceko Asanblea Nazionaleko kideak, Ian Hudghton SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko kideak, Ainhoa Larrañagak eta Koldo Saratxagak.