Arnaldo Otegi ezker abertzalearen negoziazio batzordeko kideak gaur esan du konponbide politikoaren prozesua "ibilbiderik gabe" dagoela eta "egoera oso larria" dela, “EAJk eta PSOEk ezezkoa eman diotelako konponbideari, planto egin dutelako". Ezezko horrekin, "mahaian ezker abertzalea bakarrik utzi" dutela adierazi du Otegik, euren negoziazio batzordeak gaur Donostian eman duen prentsaurrekoan.
Ezker abertzalea alderdien arteko "blokeo" egoera bukatzen saiatu dela aipatu du Otegik, "hiru aldiz proposamen zehatzak" eginez (Hego Euskal Herrirako estatutu politikoaren proposamena, kasu), "eta hasiera batean EAJk eta PSOEk esan zuten aukera pragmatikoa dela, baina azkenean jendaurrean nahiz pribatuan ezezkoa eman dute".
Modu horretara, haren ustez, EAJk eta PSOEk euskal herritarren erabaki eskubideari eta Hegoaldeko esparru bateratuari ezezkoa eman diote.
Ezker abertzalea "elkarrizketarekin segitzeko prest da, edozein dela koiuntura, eta erabateko konpromisoa dauka bakearekin eta demokraziarekin". Hala, "Euskal Herrian, bi estatuetan eta nazioartean ahaleginak biderkatu" egingo ditu, "behin betiko akordioa emateko". Izan ere, bake prozesua "posible" dela irizten diote.
Otegik, aurrez Radio Euskadin egindako adierazpenetan, “oztopoa beti egon den tokian" dagoela esan du, eta ez ETAren indarkerian. "Estatu propioa izan nahi dugunoi berdintasun baldintzak izatea ahalbidetuko digun lau herrialdeentzako erakundetzea bultzatu behar da”.
Konponbide prozesua
Otegik dio EAJk eta PSOEk ezker abertzalea konponbide mahaian "bakarrik" utzi dutela
Ezker abertzalearen negoziazio batzordeko kidearen ustez, prozesua "ibilbiderik gabe eta oso larri" dago, jeltzaleek eta sozialistek "ezezkoa" eman dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu