europako Legebiltzarrerako hauteskundeak

Otegik dio "europarlamentari bat lapurtu" diola Iniziatiba Internazionalistari Espainiako Gobernuak

Espainiako Estatuko 97.000 baliogabeko boto berrikusteko eskatu du ezker abertzaleko buruzagiak. Hautagaitzak 1.342 boto berreskuratu ditu Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian. Oraindik ez du erabaki helegitea sartzea.

2009ko ekainaren 11
20:13
Entzun
Iniziatiba Internazionalista-Herrien Elkartasunak baliogabetzat edo beste alderdietara joan diren bozkekin Europako Legebiltzarrean eserleku bat izan dezakeela adierazi du Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiak, eta salatu du "Espainiako Gobernuak europarlamentari bat lapurtu" diola II-HEri. Iruzur zantzuak nabarmenak direla uste du Otegik, eta susmo horiek uxatzeko Espainiako Estatuko 97.000 baliogabeko boto berrikusteko eskatu du.

Boto zurien kasua ere "susmagarritzat" jo du, "2004ko hauteskundeetan baino milioi bat boto-emaile gutxiago egon arren, 125.000 boto zuri gehiago izan dira".

Iniziatiba Internazionalistak oraindik ez du erabaki helegitea sartzea. Barne Ministerioak hilaren 27 aldera jakinaraz ditzake emaitza ofizialak.

Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako hauteskunde batzordeek egindako lehen zenbaketa ofizialek agerian utzi dute alde nabarmenak daudela Espainiako Barne Ministerioak igandean emandako datuen eta hauteslekuetako aktetan jasotako emaitzen artean. Lurralde horietan, Barne Ministerioak kendutako 1.342 boto berreskuratu ditu Iniziatiba Internazionalistak (888 Gipuzkoan, 384 Bizkaian eta 70 Araban).

Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko hirugarren indar politikoa bihurtuko litzateke II-HE, baldin eta PPk botoak irabazten ez baditu -Barne Ministerioaren arabera, 630 botoren aldea zegoen bi alderdi horien artean-. Akatsen zuzenketekin batera, urrutiko botoen zenbaketa egiten ari dira hauteskunde batzordeetan. II-HEk jakinarazi duenez, Bizkaia, Araban eta Gipuzkoan 300 boto jaso ditu hautagaitza horrek. Hortaz, 1.642 boto gehiago lortu ditu II-HEk hiru lurralde horietan.

II-HEren arabera, Arabako hauteskunde batzordeak hainbat akats aurkitu ditu aktetan: transkripzio akatsak, idatzi beharreko lerroak nahastuta, kopiak gaizki eginda... Gipuzkoako kasuan, aldiz, salatu du aktetan ez dela akatsik aurkitu, eta, beraz, Barne Ministerioarena dela ardura. Lurralde horretan, adibidez, II-HEk jakinarazi du PSOEk 218 berreskuratu dituela Zumarragan, Independentistak eta Ezkertiarrak kolazioak 46 boto Legazpin, EAJk 34 Hernanin eta PPk 27 Donostian.

Atzo hasi zituzten igandeko bozen zenbaketa ofizialak. Lurraldez lurralde, eta hiru eguneko epearekin, bertako hauteskunde batzordeek hautesleku ezberdinetako aktak aztertuko dituzte. Boto guztiak, baina, ez dira banan-banan zenbatuko, boto baliogabeak edo erreklamazio baten xede izan diren botoak ez beste guztiak suntsitu egin zituztelako zenbaketak egin ostean.

Hauteskunde batzorde guztien erantzunaren zain, hauteskundeetako irregulartasunen eztabaidaren muina Espainiako Barne Ministerioak igandean bertan emandako datuetan dago. Zenbait herritako aktetan jasotako zenbatekoak eta Ministerioak emandako datuak ez datoz bat. II-HEk salatu du haren botoak beste alderdi batzuetara pasatu dituztela. Independentistak eta Ezkertiarrak koalizioak ere Nafarroako zenbait herritan topatu ditu irregulartasunak. Datuak igortzerako orduan transmisio akats bat egon den edo ez argitu beharko dute hauteskunde batzorde guztiek.

Baliogabeen balioa

Aktek, halaber, hauteskunde egunean bertan hautesleku batzuetan arazoak izan diren edo ez jaso dezakete: alderdi batzuen botopaper falta, mahaikideen jarrera, informazio falta... Untzueko alkateak (Nafarroa), adibidez, zenbaketaren unean "zer edo zer arraroa" sumatu zuela salatu du kazeta honi bidalitako gutun batean. Untzuekoa, baina, ez da kasu isolatu bat. II-HEk susmoa dauka hainbat herritan irregulartasun larriak izan direla zenbatzerakoan, baita aurretik ere.

Hala, Barne Ministerioak emandako datuek zalantzarako beste bide bat irekitzen dute. Europarako Legebiltzarrerako aurtengo bozetan, Euskal Herritik kanpo, Espainiako hauteskunde barrutian, boto baliogabe eta zurien kopurua bikoiztu egin da. Aurten, alderdi edo talde esanguratsu bakar bat ere ez da aukera horren alde azaldu -2005ean HZko zerrenda baliogabeentzako botoa eskatu zuen ezker abertzaleak Hego Euskal Herrian-.

Aurten, 125.165 boto zuri zenbatu ditu Barne Ministerioak; duela bost urte, berriz, 95.014. Beraz, 30.000 boto zuri gehiago.

Baliogabeen kasuan, 154.209 boto baliogabe zenbatu zituzten 2004an. Horietatik 113.000 inguru HZ hautagaitzarenak izan ziren. Beraz, Euskal Herritik kanpo 41.000 boto baliogabe zenbatu zituzten. Aurten, aldiz, 93.752 boto baliogabe zenbatu ditu Barne Ministerioak Euskal Herritik kanpo -Hego Euskal Herrian 4.327 boto baliogabe zenbatu ditu-. 50.000 botoren aldea dago hauteskunde batzuetatik besteetara. Hauteskunde batzordeek, beraz, tentu handiz aztertu beharko dute suntsitu ez diren boto baliogabe horiek benetan baliogabeak diren edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.