ETA-ren su-etena bertan behera. Erreakzioak

Otegik dio "prozesua beharrezkoa eta posible" dela, eta horren "alternatibarik ez" dagoela

Ezker abertzalearen ustez, su-etena haustearen "ardura ETArena" izan arren, Espainiako Gobernuarena eta EAJrena dela "kolapso eta blokeoaren ardura". "Egoera triste" honetan, "ezker abertzaleak bat egiten du gizarteak daukan kezkarekin".

2007ko ekainaren 5a
18:42
Entzun
"Prozesua beharrezkoa da, prozesuak ez du alternatibarik, herri honek prozesua nahi du, behar du, herri honek bakea eta akordioa nahi ditu, eta hori guztia posible da gaur ere". Horixe adierazi du gaur arratsaldean, Donostian, Arnaldo Otegi ezker abertzalearen buruzagiak ETAren su-eten iraunkorraren amaieraz eman duen prentsaurrekoan. Pernando Barrenak eta Marije Fullaondok lagundu diote, baina Otegik baino ez du hitz egin.

Haren ustez, ezin da esan "su-etena=prozesua" denik, "baizik eta prozesuko zati bat". Hala ere, aitortu du ETAren erabakia "albiste ona ez" dela, "eta egoera tristea" dela. Su-etena hautsi izana, "ETAren ardura baino ez da, berak iragarri duelako erabakia, eta ezker abertzaleak bat egiten du gizarteak daukan kezkarekin".

Su-etena ETAk apurtu duen arren, "nagusiki, prozesu demokratikoaren kolapso eta blokeoaren ardura Espainiako Gobernuarena eta EAJrena" dela adierazi du Otegik, eta honetara iristeko hiru "arrazoi" jarri ditu. 1. "Espainiako Estatuak gatazka gainditzeko anbizio historiko eza izan du. Euskal Herriko egoera eduki politikoz hustu nahi izan du". 2. "Ez da egon berdintasun egoerarik, eta hori ezinbestekoa da prozesu bat aurrera eramateko. Legez kanporatzea hor dago, adibidez. Mahai politikoa eratu izana ere hor dago". 3. "EAJk eta PSOEk aldaketa politikorako agendarik ez dute izan. Ezker abertzalearen ahaleginez mamira iritsi ginenean -erabaki eskubidera-, atzera egin zuten".

Egoera zaila izan arren, Otegik esan du ezker abertzaleak Anoetako eta Anaitasunako konpromisoei "hitzez hitz" eusten diela. "Mahaian segitzen dugu guk, eta prozesuak aurrera egiteko konpromisoa daukagu".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.