Eztabaida nazional bat proposatu dio Arnaldo Otegi EH Bilduko lehendakarigaiak Iñigo Urkullu EAJ zerrendaburu eta jarduneko lehendakariari. Otegiri gustatuko litzaioke euskal herritarrentzat Espainiako estatuan jarraitzeak daukan “kostuari” buruz hitz egitea Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainan, albo batera utzirik bere balizko inhabilitazioari buruzko eztabaida. Bereziki, bi indar abertzaleen artean egin nahiko luke hori, batzuen eta besteen herri proiektuak aurrez aurre jartzeko. "Eztabaidatu nahi dugu herri honen egoeraz eta etorkizunera begira bakoitzak herri honentzat daukan proiektuaz".
Atzo, Urkulluk ezker abertzaleari leporatu zion “biktimismoa” erabiltzea Otegiren balizko inhabilitazioaren auzian, eta Otegik erantzun dio ez duela EH Bilduk sortu eta ez hauspotu eztabaida hori, eta koalizioak nahiago duela “etorkizuneko proiektuez” hitz egin. “Herri honek behar du horri buruzko eztabaida, eta nahi du eztabaida horrek behar duen maila intelektuala izatea”
Bilbon egin du agerraldia Otegik, Jasone Agirre EH Bilduren Bizkaiko zerrendaburarekin, eta Laura Mintegi Bizkaiko zerrendako azken eta duela lau urte koalizioaren zerrendaburu izandakoarekin —dimisioa eman eta legebiltzarra utzi zuen iazko uztailean—. Otegirentzat “ohore” bat da Mintegi berriz ere zerrendetan egotea. "EH Bilduren proiektua beti izan da nirea, eta horrela izango da. Plazer bat da zerrendetan joatea”, adierazi du Mintegik.
Lehendakarigai izandakoak azaldu du “orain arte egin diren okerrak zuzentzen eta bideratzen” ari direla. "Egia da EH Bildun azken urteetan zenbait gauza ez direla ondo egin, baina ahalegin handia egiten ari da horiek bideratzeko". “Bide onetik goaz”, azpimarratu du. Otegiren hautagaitzari buruz, berriz, esan du “liderrak” beharrezkoak direla, “prozesuak azkartzen dituelako”. “Baina beharrezkoa da lehengaia, proiektua izatea”, azpimarratu du.
Elena Beloki jopuntuan
Otegiren auziaz gain, EH Bilduk Gipuzkoako zerrendetako azken postuan Elena Beloki jarri izana ere kritikatu dute PPk eta ETAren indarkeriaren biktimen elkarte batzuek. Beloki duela bi aste geratu zen aske, 18/98 auziko zigorra osorik beteta. PPk eta elkarte horietako batzuek “ETAko kidetzat” daukate. Otegik ukatu du Beloki zerrendetan joatea “probokazio” bat izatea; gogoratu du zigorra beteta bere eskubide guztien jabe dela, eta 18/98 auziaren izaera politikoa salatu du. “Hemen [Euskal Herrian] denok dakigu [Espainiako] Auzitegi Nazionala instrumentalizatu egin dela independentismoa kriminalizatzeko”.