gobernu aldaketa Espainian

Otegik nabarmendu du Sanchez ez dela Espainia "demokratizatzeko" alternatiba

PSOEk egiten dituen urratsen arabera jokatuko dutela iragarri du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, eta ohartarazi du "demokraziaren aurkako mugimendua" ez dela desagertu.

Arnaldo Otegi, EH Bilduko kideekin. GORKA ESTRADA, EFE
2018ko ekainaren 4a
21:03
Entzun

Espainiako zentsura mozioa babestu ondorengo mahai politikoaren bileraren ostean egin du agerraldia EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, eta berretsi du Espainiako Kongresuan Pedro Sanchezen alde egin izanak ez duela esan nahi aurrerantzean ere PSOE babestuko dutenik: "Beti egon gara prest Frankismoaren oinordekoak edozein instituziotatik kanporatzeko. Baina, oker egotea nahiago genukeen arren, uste dugu PSOEk ez duela indar nahikorik Espainiako Estatua demokratizatzeko prozesu bat abian jartzeko".

Dena den, eta aurreikuspenak aurreikuspen, koalizioak gertutik jarraituko ditu sozialisten gobernu berriak egiten dituen urratsak, eta horien araberakoak izango dira euren jarrerak ere. "Testuinguru historiko batean gaude. Jakin badakigu badela jendea partidak alderdi gisa jokatzen dituena, eta uste dugu ondorio larriak dituen akatsa dela. Estatu eta herri gisa erantzuteko ordua da".

Alderdi Popularra agintetik kanporatu izanari buruz, berriz, Otegik ohartarazi du demokraziaren aurkako mugimendua ez dela desagertu eta datozen hilabeteetan ere hura bultzatzen ahaleginduko direla bai komunikabideak, eta baita epaitegiak eta segurtasun indarrak ere, "Altsasun gertatu bezala". Haren esanetan, atzeranzko joera hori indartsu dago oraindik PPren eta Ciudadanosen hitzaldietan, "eta berriz ikusiko da estatuaren erakundeetan".

Alde horretatik, PSOEk orain arte egindako urratsak kritikatu ditu EH Bilduk. Gogorarazi du, besteak beste, sozialisten sostenguarekin ezarri zutela 155.a Katalunian, eta Pedro Sanchezen alderdiak proposatu zuen Zigor Kodea aldatzea "independentistak espetxeratzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.