Alderdi gehienek modu positiboan hartu dituzte Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideak atzo El País egunkarian argitaratutako elkarrizketan esaten zituenak. "ETAk bihar hilko balu, ezker abertzalea kontra izango luke", zioen elkarrizketako lerroburuan. Otegik zioen borroka armatua ez datorrela ezker abertzalearen estrategiarekin bat.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak hitzak baino gehiago, ekintzek balio dutela esan du, baina horrekin batera hitz hauek "lehengoak baino hobeak" direla adierazi zuen. Euskal Herriko alderdi gehienak haratago joan dira. EAJko Andoni Ortuzarrek aurrerapausoa direla esan du, eta behar diren moduan baloratu behar direla. Iñaki Oiarzabal PPko buruarentzat, berriz, adierazpenak hurrengo urteko udal hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko estrategia baino ez da, eta PSE-EEko Jose Antonio Pastorrek esan du ezker abertzaleak "ETArekin hausteko" beldurra duela.
Eusko Alkartasunak eta Aralarrek, berriz, Otegiren askatasuna eskatu dute, "bakearen alde lanean ari dela" erakusten duelako. Alternatibarentzat ere Otegik preso jarraitzea nahastu egiten du konponbidea. Ezker Batuko Mikel Aranak ere gatazka konpontzeko apustu garbia ikusten du ezker abertzalearengan, eta Iñaki Galdos Hamaikabatekoak ezker abertzalea aro berri batean dagoela nabarmendu du.
Markel Olano (EAJ) Gipuzkoako ahaldun nagusiak dio "ezker abertzalean mugimendu garrantzitsuak" daudela erakusten duela elkarrizketak, eta uste du Espainiako Estatuan ere mugimenduak daudela, "espetxeetako neurri denak gainditu dituztelako elkarrizketa egiteko".
POLITIKA
Otegiren adierazpenak bakerako aurrerapausoa direla diote alderdi gehienek
'El Pais' egunkarian argitaratutako elkarrizketan, borroka armatua ezker abertzalearen estrategiarekin ez datorrela bat esan du ezker abertzaleko kideak. Markel Olanok uste du "mugimendu garrantzitsuak" daudela ezker abertzalean eta Espainiako Estatuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu