Horretarako, martxa bat antolatu dute. Elgoibartik bertatik autobusak antolatu dituzte, eta gainerako herrietan ere halaxe egiteko deia egin dute. Autobusetan ez bada, autoan eta bakoitzak nahi edo ahal duen moduan kartzela aurrera joateko deia egin dute; 12:00etan jarri dute ordua.
Arnaldo Askatu, Politika Askatu ekimena osatzen dutenak ez dira inongo alderdi, sindikatu edo elkarteren ordezkariak. Baina, Asier Zengotitak prentsaurrekoan azaldu duenez, jakin badakite Otegi preso edukitzeko arrazoiak politikoak direla, eta inondik ere ez judizialak. Ezinbestekotzat jotzen dute Otegi libre uztea, «euskal gizarteak eskatzen duen bake prozesua abian jartzeko».
Martxa horretara joateko hamaika arrazoi daudela uste dute herri ekimeneko kideek, eta horietako hiru azpimarratu dituzte: Otegiri babesa eta elkartasuna helaraztea, haren espetxealdia salatzea eta hura aske uzteko eskatzea. Euskal gizarte guztiari, eta «Euskal Herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea duela sinesten duen edonori» martxarekin bat egin eta igandean Logroñora joateko deia egin diote.
Dagoeneko martxarekin bat egin dute, besteak beste, Darrin Wood kazetari estatubatuarrak, Doris Benegasek, Txotxe Anduezak, Unai Ziarretak, Rafa Larreinak, Iñaki Antiguedadek, Kepa Gordejuelak, Karmele Peñak, Joseba Alvarezek, Joseba Permachek, Antxon Morcillok, Esther Agirrek eta Fermin Muguruzak.
Hain justu, azken horrek eta Irun Lion Zion taldea osatzen duten BAD Sound Systemek, Rudek, Aitor Kortak eta Mikel Aveirok abesti bat eta bideoklip bat ere egin dituzte Otegi aske utz dezaten eskatzeko. Abesti hori entzungo da Logroñon, eta Internetetik hartu eta zabaldu nahi duenarentzat, Otegiren eta Muguruzaren webguneetan dago.
@Informazio gehiago biltzekoeta abestia eta bideoklipa hartzeko, bisitatu webgune hauek:
www.arnaldotegi.com
www.muguruzafm.com