Auzitegi Nazionala

Otegiren aurkako espetxe eskaerari eutsi dio Espainiako fiskal nagusiak

Candido Conde Pumpido Espainiako fiskal nagusiak ez du aldatu Arnaldo Otegiren aurkako auzian duen jarrera: Batasuneko buruzagiaren aurkako espetxe eskaerari eutsi dio. Martxoaren 9ko greba eta mobilizazio eguneko "delitu ekintzen" eragiletzat jota inputatu du Otegi Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande Marlaska epaileak. Egun baldintzapean dago aske Batasuneko buruzagia, eta arauak urratu dituela iritzita espetxeratzeko eskatuko du fiskalak. Atzo deklaratu behar zuen Otegik, baina oraindik guztiz sendatu gabe dagoenez, datorren asteazkena arte atzeratu du Grande Marlaskak deklarazio hartzea.

2006ko martxoaren 23a
16:58
Entzun
Jesus Santos Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalburuarekin batzartu da gaur Candido Conde Pumpido Espainiako fiskal nagusia, eta haren hurbileko iturriek jakinarazi dutenez, Otegiren auziari buruzko agindu berririk ez dio eman Santosi; hau da, Batasuneko buruzagiaren kartzelatzearen eskaerari eutsi dio.

Gainerakoan, GrandeMarlaskak Otegiren auzi-saioa atzeratzea erabaki du, auzi-medikuen txostenak jasota. Ebazpen horren berri emanez plazaratu duen autoan jasotzen denez, Otegik onera egin du, dagoeneko ez du sukarrik, eta larunbatean amaituko du tratamendua. Ondorioz, Batasuneko buruzagia datorren asterako guztiz osatuta egotea "guztiz arrazoizkoa" dela dio epaileak.

Martxoaren 9ko greba eta mobilizazio egunaren harira deitu du Grande Marlaskak Otegi deklaratzera; egun hartako gertatu ziren "delitu ekintzen" eragile izatea egozten dio, Batasuneko, LABeko eta Askatasuneko beste buruzagi batzuri bezala. Hala, Juan Mari Olanok, Juan Joxe Petrikorenak, Pernando Barrenak, Rafa Diezek, Arantza Zuluetak eta Joseba Alvarezek deklaratu dute dagoeneko auzi horertan. Olano eta Petrikorena baldintza gabe espetxean sarrarazi ditu; Barrena eta Diez bermepean geratu dira aske; Zuluetak astean behin sinatu behar du, eta Alvarez kargurik gabe utzi zuen aske atzo gauean. Alvarez Guardia Zibilaren akats baten ondorioz deitu zuela deklaratzera argudiatu zuen epaileak aske uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.