Arnaldo Otegiren izena ez da atera Gipuzkoako hauteskunde zerrendetan. Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak joan den astean hartutako erabakia berretsi du: «Hautaezina» da Otegi, eta ezin da bozetara aurkeztu. Gaur egin dituzte ofizial Eusko Legebiltzarrerako irailaren 25eko bozetarako zerrendak, EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratuta, eta, hauteskunde batzordearen erabakiaren ondorioz, Maddalen Iriarte agertu da EH Bilduren Gipuzkoako zerrendako buru. Bigarren lekuan aurkeztu zuen koalizio subiranistak, baina, Otegi kanpoan utzita, postu bat aurrera egin dute hautagai guztiek. Oraindik alda daitezke gauzak, ordea, irailaren 9an hauteskunde kanpaina hasi aurretik. Auzitegietako helegiteen bidea hasiko da orain, eta, amaieraraino heltzen bada, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hartuko du behin betiko erabakia.
Atzo goizean egin zuten bilera Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeko lau kidek, eta aho batez hartu zuten erabakia. Batzordeko kide eta EHUko Zuzenbide katedradun Iñaki Agirreazkuenagak ez zuen bozketan parte hartu; Otegiren defentsak hura errefusatzeko eskatu zuen, eta hala egin zuten batzordeko kideek. EH Bilduko abokatuek argudiatu zuten Agirreazkuenagak «interes pertsonalak» zituela Otegiren inhabilitazio auzian, eta BERRIAn egindako elkarrizketan auziari buruzko iritzia publiko eginda gainerako kideen hautua baldintzatu zezakeela.
Goizeko bileraren ondoren, hauteskunde batzordeak atzo 16:30ean jakinarazi zuen erabakia. Aurrena, helegiteren bat jarri zuten alde guztiei eman zien adostutakoaren berri, eta, gero, bi puntuko ohar labur batean azaldu zuen ebatzitakoa.
Batetik, jakinarazi dute ez dutela onartu EH Bilduk jarritako helegitea, eta, bestetik, EAEko hauteskunde legearen arabera osatu dituztela zerrendak. Hau da, Otegi kanpoan utzita, zerrendako bigarrena —Maddalen Iriarte— jarri dutela haren lekuan, eta postu bat aurrera egin dutela gainerako zerrendakideek ere. Lehen ordezkoa Xabier Isasi zenez, hark bete du EH Bilduren zerrendako azken postua.
«Hautaezina» da Otegi
Iñigo Iruin abokatuak ostiralean azaldu zituen EH Bilduren argudioak. Haren arabera, Otegik kartzelan bete zuen sufragio pasiborako inhabilitazio berezia, Espainiako Auzitegi Nazionalak «zigor osagarri» gisa jarri ziolako inhabilitazio hori, eta, Espainiako Zigor Kodearen arabera, zigor osagarriak zigor nagusiarekin «batera» betetzen direlako; hau da, kasu horretan, espetxe zigorrarekin «batera». Kargu publikoetarako inhabilitazioa, berriz, Otegiren defentsaren esanetan, ezin da gauzatu, Auzitegi Nazionalak ez zuelako zehaztu zein kargutarako inhabilitatu zuten Otegi.
Hauteskunde batzordeak, aldiz, aurreko asteartean behin-behinean adostutako akordioan, azaldu zuen Otegi «hautaezina» dela, batzordeko kideen arabera, hautatua izateko inhabilitatuta dagoelako 2021eko otsailera arte. Hori eginda, batzordeko kideek sufragio pasiborako inhabilitazioaren izaera aldatu zutela salatu zuen Iruinek, «zigor osagarri» gisa hartu beharrean «zigor nagusitzat» hartu zutelako. Aldeen iritziak entzunda, hauteskunde batzordeak berretsi egin zuen atzo lehen erabaki hura, baina ez zuten argudiorik jakinarazi.
Atzoko erabakiaren berri izan ostean, EH Bilduk ohar bidez jakinarazi zuen batzordea ez dela sartu «auziaren mami juridikoan»: «Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak aurkeztutako idatzia aintzat hartzera mugatu da». Auzitegietan aztertu beharko dute, beraz, mami hori. Bihar arteko epea du koalizio subiranistak administrazioarekiko auzietako epaitegira jotzeko, eta hala egingo dutela berretsi zuen atzo. «EH Bilduk azpimarratu nahi du Arnaldo Otegik koalizioaren lehendakarigai izaten jarraitzen duela», esan zuten, eta ziurtatu zuten auzitegietako bidean «amaieraraino» jarraituko dutela.
EH Bilduren iritzian, «oinarri politikoa» du hauteskunde batzordearen erabakiak. «Otegik eta EH Bilduk ordezkatzen duten proiektu politikoa indargabetzeko asmoa dauka [Espainiako] Estatuak, proiektu ilusionagarria dutelako». Otegik, erabakiaren berri izan aurretik, Iñigo Urkullu lehendakariaren jokabidea salatu zuen Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean: «Zortzi urte pasatu ditut kartzelan. Hau guztia kanpainako estrategia gisa prestatu dudala pentsatzea arbuiagarria da». Bera lehendakari balitz, «ez aurkezteko prest» legokeela ere esan zuen: «Boz hauek ezin dira egon herri honi arrotz zaion instituzio baten xantaiapean».
PPk eta Ciudadanosek, aldiz, poza adierazi zuten hauteskunde batzordearen erabakiaren berri izatean. PPk balorazioa egiteko agerraldi bat antolatu zuen arratsaldean. Gipuzkoako zerrendaburu Borja Senperrek Otegiren inhabilitazioaren auzia «eztabaida politikotik kanpo» uzteko eskatu zien gainerako alderdiei, eta EAJri, PSE-EEri eta Ahal Dugu-ri egotzi zien «ezker abertzalearen estrategia kalkulatu eta biktimista elikatzea». Senper: «Herri honetan, inor ezin da legearen gainetik egon, ezta Otegi ere». Ideia horixe aipatu zuen Ciudadanoseko lehendakarigai Nicolas de Miguelek ere. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak, berriz, EH Bilduri leporatu zion kanpainan ere «gai hori bizirik mantendu nahi izatea».
EH Bilduren bilera EITBrekin
EH Bilduk, bestalde, jakinarazi zuen EITBko administrazio kontseiluarekin bilera egin zutela atzo, «EITBk erantzun egokia eman diezaion aparteko egoera politiko honi». Kanpainan «Otegi ez diskriminatzeko konpromiso irmoa hartzea» eskatu zioten, baina, koalizioak jakinarazi duenez, atzera bota zuten proposamena, EAJko, PPko eta PSE-EEko ordezkarien botoekin.
Arnaldo Otegiren hautagaitza
Otegiren izenik gabe, oraingoz
Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak ez du onartu EH Bilduk jarritako helegitea, eta hauteskunde zerrendatik kanpo utzi du Otegi. Auzitara joko du koalizioak, eta epaitegietan ebatziko dute auzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu