Europako Aliantza Libreko ordezkaritza bat Logroñoko (Espainia) espetxera joan zen ostegunean, iragarria zuen bezala. Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidea bisitatu eta hari babesa agertzeko asmoa zuten. Baina espetxeko atean geratu ziren, sartu ezinik. Ez zutela beharrezko baimenik esan zieten sarreran, eta sartzea debekatu.
Mark Demesmaeker Flandriako diputatua eta François Alfonsi Korsikako eurodiputatua ziren politikaria bisitatzekoak. Inaki Irazabalbeitia Aralarreko kide eta eurodiputatua, eta Lorena Lopez de Lacalle EAren Kanpo Politikarako idazkaria ere asmo berarekin joan ziren Logroñora. Haiek laguntzen izan ziren Tatiana Danofka eurodiputatua eta Sorturen ordezkaritza bat.
Atzo, bisita ukatu izana eta Espainiako autoritateen aldetik jasotako tratua salatu zuen Demesmaekerrek Europako Parlamentuan. Otegiren preso zenbakia erakutsi, eta esan zuen: "Aurpegi bat eta izen bat du: Arnaldo Otegi". Salatu zuen Espainiak erantzun ere ez ziola egin Otegi bisitatzeko eskariari, eta jasotako tratua "eskandaluzkoa" izan zela ohartarazi zuen.
Demesmaeker Europako Parlamentuko Giza Eskubideen Batzordeko kidea da. Larri dauden hainbat preso espetxean daudela ere kritikatu zuen, eta parlamentuari eskatu zion Espainiari kargu hartzeko.