EAJ eta PSE-EE Eusko Jaurlaritzan elkarrekin berriz egotearen aldeko «korrontea» indarrahartzen ari dela uste du. Eta horri kezkaz begiratzen dio. Seguru dago azken urteetan egindako bidean atzerapausua litzatekeela. «Lizarran sortutako baldintzak indargabetzea esan nahiko luke horrek», ohartarazi du. «Hamabost urte atzera egitea».
Eta horixe egin nahian ikusten du Espainiako Gobernua Otegik. Lizarra-Garaziko prozesuan lortutako baldintzak «behin betiko neutralizatu» nahi dituela uste du. EAJk horretan lagunduko duen beldur da, gainera. «EAJren egungo Euskadi Buru Batzarrak lagundu egingo du», ohartarazi du. Hortaz, orain arte lortutako bideari jarraitzea edo atzera egitea da hauteskundeetan jokoan dagoena, ezker abertzalekoaren iritziz. «Bide hori neutralizatzea edo indartzea».
Ezker abertzaleari dagokionez, hauteskundeetan egon behar duela dio Otegik. Bozetara joan nahi duela eta instituzioetan egon. Legez kanporatzeen ondorioz Eusko Legebiltzarrean egoterik ez badu «egoera txarra» sortuko dela ohartarazi du, horrek esan nahiko duelako «hauteskunde antidemokratikoak egin direla eta ez dela euskal herritarren nahiaren araberako Legebiltzarra sortu».
Ezker abertzalea hauteskundeetan eta Eusko Legebiltzarrean egoten saiatuko dela azaldu du, «Euskal Herria ezkerretik askatu eta independentziarako bidean jartzeko», instituzioetatik ere lan egin behar dela sinetsita.
Ezker abertzaleari bozetan parte hartzen ez uzteak Legebiltzarreko «indar korrelazioa faltsutu» egingo lukeela esan du. «Alderdien Legearen eta errepresioaren ezarpenetik sortutako» Legebiltzarra litzatekeela, eta ez herritarren nahiaren arabera sortua.
«Matxinada»
Halako neurriek ekar dezaketen erantzunez ere ohartarazi du: «Agian norbaiti matxinadan oinarritutako estrategia bat planteatzea bururatu ahal zaio». Edozein kasutan, berak ez duela hori proposatu dezakeen inor ezagutzen zehaztu du, eta hori ez dela «ezker abertzalearen ibilbide historikoa».
Gatazkaren konponbideari buruz ere mintzatu da. Aterabiderako elkarrizketa ezinbestekoa dela esan du, eta hizketarako bidea ezin dela eten. «Egoera dena delakoa izanda ere, egoerarik gogorrenean egonda ere, elkarrizketa beharrezkoa da, eta konponbidea posible izango den jokalekua sortzeko beharrezkoa da elkarrizketaren bidea mantentzea».
Azken prozesura iritsi ahal izateko ezker abertzaleko eta alderdi sozialistako kideak elkarrizketetan urtetan egon zirela azaldu du. Hizketan «oso egoera gogorrean» hasi zirela, baina lanak eman zuela fruitua. «Aukera bat egon zen, bide bat egin zen; ez zen bururaino iritsi, eta bidea amaitu egin behar da».
Otegiri galdezka
ELKARRIZKETA IREKIALarunbatean, Kursaalean. Herritarrei irekia izango den elkarrizketa egingo du etzi eguerdian Otegik Donostiako Kursaalean. Carmen Lira kazetari mexikarrak, Giuliana Sgrena italiarrak eta Iñaki Iriondo Garakoak egingo dizkie galderak. Egunkariaren 10. urtemugaren harira antolatutako ekitaldia da.