'CABIECES AUZIA'

Otsailaren 1ean hasiko da Fernandez, Cabieces eta Alkortaren aurkako epaiketa

Hirurak inputatuta daude Kutxabankek, Mario Fernandez presidente zen garaian, Cabiecesi eginiko 243.000 euroren ordainketen inguruko auzian.

Mario Fernandez —irudian, erdian—, iazko apirilean 'Cabieces auziagatik' deklaratzera bidean, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
2016ko azaroaren 15a
13:06
Entzun

Herri akusazioa osatzen duten eragileek —LAB, ESK, Steilas, EHNE Bizkaia, Hiru, Euskal Herriko Pentsiodunen Plataforma eta EKAk—jakinarazi dute otsailaren 1ean hasiko dela Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohiaren, Mikel Cabieces Espainiako Gobernuko ordezkari ohiaren eta Rafael Alkorta abokatuaren aurkako ahozko epaiketa. Bizkaiko 6. Lurralde Auzitegian epaituko dituzte, eta aurretiazko gaiekin ekingo diote otsailaren 1ean. Epaiketa otsailaren 14an, 15ean eta 16an egingo dute.

Akusazioa osatzen dutenek adierazi dutenez, "Kutxabanken pribatizazioaren interes partikularrei" kontra egiten jarraituko dute. Gainera, "erantzukizun politiko eta penalak" eskatuko dizkiete "arduradun materialei eta bultzatzaile politikoei", eta EAJ, PP eta PSE egin ditu arduradun.

Bi eta hiru urte arteko zigorrak eskatu zituen akusazioak uztailean. Ondorioetan, nabarmendu zuten Espainiako Gobernuko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordezkari izateagatik baino ez zutela kontratatu Mikel Cabieces, eta kontratazio hori Rafael Alkorta abokatuaren bulegoaren bidez egin zutela. Gaineratu zuten Mario Fernandez izan zela erabaki hori "aldebakartasunez eta Kutxabankeko organoen kontrolik gabe" hartu zuena.

Akusazioak aringarritzat jo zuen Fernandezek Kutxabanki itzuli ziola bankuak Cabiecesi emandako dirua; horregatik, bi urte eta hiru hilabeteko zigorra eskatu dute harentzat, eta hiru urte eta erdikoa Cabieces eta Alkortarentzat. Bizkaiko Auzitegiko fiskalak eskatu du bi urteko zigorrak ezartzeko, auzitegiak ebazten badu "administrazio desleiala" egin zutela akusatuek; ordea, hiru urteko zigorra eskatu du epaileak "bidegabeko jabetzea" atzematen badu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.