Analisiaren faseari ekin dio gaur autogobernu lantaldeak, ateak itxita. Joan den asteartean aurkeztu zituzten alderdiek autogobernua eguneratzeko eta estatus berri bat lortzeko dituzten proposamenak, eta gaur goizean jarri dituzte mahai gainean autogobernu lantaldean. Beste hitzordu bat jarri dute gaurko bileran: otsailaren 3a. Orduan hasiko dira taldeak euren proposamenak xehe azaltzen eta adosguneak bilatzen.
Akordiorako aukerarekin itxaropentsu agertu da Joseba Egibar EAJko bozemailea, eta azpimarratu du ahalik eta "adostasun zabalena" lortzen ahaleginduko direla. Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak ere adostasunak lortzeko prestutasuna agertu du, eta argitu du lehen "hanka bat batzordetik kanpo" baldin bazuten ere orain "sei hankak barruan" dituztela.
PSEtik Isabel Zelaak ez du baztertu sozialistek "nazioaren" terminoaz eztabaidatzea, baina erabakitzeko eskubidea ez dutela onartuko ohartarazi du. Halaber, Iñigo Urkullu lehendakariari eskatu diote testu artikulatua eraman dezala lantaldera.
PP eta UPD izan dira lantadearen egitekoari kritika gehien egin dizkiotenak. Biek ala biek salatu dute EAJ eta EH Bilduren artean akordioa lortzeko "estrategia" dagoela atzean.