Otsailaren bukaeran eginen dute bigarren foroa Baionan, Bake Bideak eta Lokarrik antolaturik. Bake prozesua bultzatzeko, garatzeko eta burura eramateko aurtengo maiatzean plazaratu hamabi gomendioak zehazki aztertuko eta jorratuko dituzte. Horrez gain, bake prozesuaren eraikuntzan, gizartearen egituratze fasea eta metodoa gogoetatuko eta marraztuko dute. Horren berri eman dute goiz honetan Bake Bideko ordezkariek, Baionan egin prentsaurrekoan.
2011ko Aieteko Adierazpenaz geroztik gertatukoaren irakurketa plazaratu dute. "Noski, Frantziako eta Espainiako estatuek eta eragile batzuek adierazten duten gogorik eza benetako oztopo bat dugu konponbide justu eta integral bat lortzeko bidean". Horren adibide argiena dute bi estatuek espetxe politika aldatu ez izana.
Hala eta guztiz ere, baikor dira: Frantziako zein Espainiako estatuen jarrerak "blokeo baino gehiago oztopo direla" erranik, bake prozesua aitzina doala sinesten du Bake Bidea taldeak. "Oztopo bat ez da blokeo bat, gainditu daiteke. Gizarte zibilak badu boterea eta gaitasuna egoera aldatzeko, estatuak ados izan edo ez", Anaiz Funosasen arabera.
Gizarte zibil "arduratsu eta aktiboaren" mobilizazioari esker aitzinamendu batzuk lortu direla ohartarazi du Christophe Desprezek. Ines del Rio eta orokorki Parot doktrinari begira Europako Giza Eskubideen Gorteak ukan jarrera zein Belgikako epaileek euskal militante baten Espainiaratzea ukatu izana eman ditu adibide gisa.
2014. urtea urte kargatua ukanen du Bake Bideak: "Metodo bat hausnartzeko eta marrazteko urtea ukanen dugu 2014a. Gure mezuaren gizarteratze horretan segituko dugu, gizarte zibil aniztuna eta gehiengoaren aktibazioa lortzeko".