Aranzadi Zientzia Elkarteak identifikatu ditu Otsoportillon eta Iberon (Nafarroa) hobitik ateratako bost lagunen arrastoak. Roa Garciaren arrastoak Iberon aurkitu zituzten, abenduan. Gainerakoak Olatzagutiko Meliton Agirre Lezea, Altsasuko Francisco San Roman Galbete eta Ziordiako Domingo eta Francisco San Roman Otxoaren arrastoak dira, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.
Aztarnak identifikatu ostean, Nafarroako Gobernua harremanetan jarri da senideekin, horiek familiei emateko.
Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarren eta Erakundeen Harremanetarako kontseilaria Legarreako leizean (Gaztelu) izan da. 1936ko abuztuan desagertu ziren Juana Josefa Goñi eta haren sei seme-alaben gorpuak aurkitzeko lanetan ari dira bertan, eta jada lau umeren gorpuzkiak topatu dituzte.
Hobitik ateratzeko prozesuaren bigarren faseari ekin diote orain, falta diren arrastoak lur eremu zabalago batean bilatzeko. Espero da astelehenera arte aritzea bilatzeko lanetan.