Amaitu da Juan Carlos Aguilarren kontrako epaiketaren ahozko saioa. Azken saioan, ondorioak irakurri dituzte alde guztiek, eta Ada Otuya eta Jenny Rebolloren hiltzaileak uko egin dio azken hitza hartzeari.
2013ko maiatz eta ekainean hil zituen Aguilarrek Otuya eta Rebollo. Epaiketan aitortu zuen bi emakumeak hil zituela, eta, hori horrela, Aguilarrek "ankerkeriaz" jokatu ote zuen izan dute aztergai. Horren araberakoa izango da zigorra.
Asteartean hitz egin zuten auzitegi medikuek, eta ez ziren bat etorri Aguilarrek "ankerkeriaz" jokatu izanaren inguruan. "Ada Otuya berehala hil izan balu, itotzearen oinazea saihestu ziokeen", nabarmendu zuten batzuek. Beste batzuek, ordea, zalantzan jarri zuten hilketetan larrigarri hori egon zenik: bi emakumeei sufrimendua eragin zien arren, "askoz ere handiagoa" izan zitekeela azaldu zuten.
Otuyaren familiaren abokatu Jose Miguel Fernandez Lopezek frogatutzat jo du Aguilar "tema ankerrez" aritu zela Otuya hiltzerakoan; hortaz, 25 urteko espetxe zigor eskariari eutsi dio. Rebolloren familiak 20 urteko zigorra eskatu du: "Dugun arazoa da ez dakigula nola hil zuen (Rebollo); Ada bai. Eta izan daiteke Jenny hiltzean patroi bera erabili izana".