Gizartea

Otxarkoagako elkarteek arazoa konpontzeko eskatu dute, polizia neurriez harago

Bilboko Udalaren, Bizkaiko Diputazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren elkarlanerako mahai bat osatzea proposatu dute.

Hilketak salatzeko manifestazio jendetsua egin zuten Otxarkoagan. ARITZ LOIOLA, ARGAZKI PRESS
2018ko urtarrilaren 23a
14:44
Entzun

Otxarkoagan (Bilbo) duten arazoa ez da polizia gehiagorekin konponduko. Hala uste dute, behintzat, auzoko hainbat elkartek. Joan den astean ustez hiru adingabekadineko bi pertsona hil ostean, arazoari muinetik heltzeko eskatu dute auzoko hainbat elkartek, elkarrekin emandako prentsaurrekoan. Hezkuntza, segurtasuna, arlo ekonomikoa, gizartekoa eta kulturala landu behar direla uste dute, eta, horretarako, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko mahai bat osatzeko eskatu dute.

Auzoan dauden gabeziak ondo baino hobeto ezagutzen dituzte instituzio horiek, auzotarren iritzian. Horregatik, mahaia osatu, eta hari aurrekontua eta bitartekoak emateko eskatu dute, plana egiteaz gain, hari jarraipena egingo zaiola bermatzeko. "Ez dugu ikerketa eta proiektu gehiago nahi, konponbideak nahi ditugu". Konponbideak eskatzen urte asko daramatzatela azpimarratu dute, eta "hitz onak" ez dituztela behar.

"Egindakoek ordainduko dutela" entzuteak ez ditu lasaitzen. Halakorik ez gertatzeko neurriak jartzea da gakoa, haien ustez. "Badakigu bidea luzea dela, eta ez dela erraza izango, baina instituzioak arazoa konpontzeko prest dauden edo ez jakin nahi dugu". Instituzioek lagundu ezean beraiek lanean jarraituko dutela azpimarratu dute, beren ustez, "etorkizuna" baitu auzoak.

Auzotarrei lasaitasuna eskatu diete, gainera. Auzoaren 60 urteko historian "une oso gogorrak" bizi izan dituztela gogora ekarri dute, baina "elkartuta" aurrera atera direla beti.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.