Ertzaintzako zuzendari Gervasio Gabirondok legebiltzarrean azaldu duenez, Espainiako segurtasun indarrak "oztopo" izaten dira hainbatetan. Adierazpenak ateak itxita egin ditu Gabirondok, bikoiztasun administratiboak aztertzen dituen batzorde txostengilearen aurrean.
Bilera bukatu ostean, eskainitako prentsaurrekoan Gabirondok adierazi du Madrilek EAEn dituen segurtasun indarrak murriztu beharko lituzkeela. Dena den, adierazi du Segurtasun Batzordeak zehaztu beharko lukeela zeintzuk diren batzuen eta besteen eskumenak eta zenbat agente diren beharrezko alor bakoitzean. "Egutegi bat onartu behar da, eta apurka-apurka bete, ez egun batetik bestera".